Dagoeneko pare bat hilabete igaro dira diskoa kaleratu zenuenetik. Nolako harrera izan du?
Esan beharra dut diskoa autoekoizpena izan dela eta ez duela babes handia. Egin den lan guztia nik bultzatuta izan da, baita norbanako batzuen laguntzarekin ere. Hala ere, harrera ona izan du.
Hamairu urte pasatu dituzu diskorik kaleratu gabe. Publikoarekiko presioa sentitu duzu ala zure erritmoa jarraitu duzu?
Lehen talde trinkotua nuen, eta abestiak egiterakoan taldekideen babesa nuen. Oraingoan, aldiz, ez nuen talde bat atzetik. Urteak igaro ahala, bizitza zailtzen doa eta musika egiteko denbora gutxiago izan dut. Erabaki bat hartu behar izan nuen. Sormen prozesua ezberdina izan da, eta, gainera, musikari ezberdinekin elkarlanean aritu naiz proiektu honetan. Luzatu egin da prozesua, hori bai. Denboraren eta bakoitzaren egoerak eragin egiten du. Hori horrela, ez dut publikoaren presioa sentitu, nahiz eta jarraitzaile batzuek noizbehinka disko berriaren inguruan galdetu izan didaten.
Kantatzen duen herria gara izena du diskoak. Zeri egiten dio erreferentzia?
Hasteko, diskoko azken kantaren izenburua Kantatzen duen herria da. Jokin Urainek egindako hitzak dira. Ni kantatzen hasi nintzenetik, kantua ospakizunetarako erabili izan dugu betidanik etxean. Euskal Herrian aldarrikapen moduan ere erabili izan da, Badok13 taldearen eta kantu protestaren garaitik igaro eta rock erradikaleraino. Beti aldarrikapen moduan erabili izan da kantua. Urainen poemak eta aldarrikapena oinarri hartuta, izenburu hori jartzea erabaki nuen diskoari. Euskaldunok kantua betidanik erabili izan dugu ospakizunetan.
Zer gai jorratzen dituzu?
Hausnarketa egiteko kantuak dira. Gai tronkalei dagokionez, kantuen erdiak gure herriaren inguruan dira: izan ginena, garena eta izan nahi dugunaren inguruan egiten ditut hausnarketak. Horretarako, Gure haurrek edo Popo abestiak idatzi ditut, esaterako. Getariako memoria historikoa ere jaso dut Heriotza baten testamendua abestian.
Ba al dago zuretzat esanahi berezia duen abestirik?
Oso gustuko dut Orain bazoaz abestia. Nire amari zuzendutako kantua da, eta melodikoki eta lirikoki, jendeari asko iristen zaio. Horrez gain, nire zerrendatik gustura abesten ditudanak dira Zuen zain, Popo eta Kantatzen duen herria, besteak beste.
Hainbat musikarirekin elkarlanean osatu duzu bilduma.
Disko honetan instrumentazioa lantzen ahalegindu naiz. Betidanik aritu dira nirekin musika egiten Juan Luis Aranburu [eskusoinua eta sintetizadorea] eta Amaia Aranaga [biolina], eta proiektu honetan ere parte hartu dute. Bestalde, diskoa grabatzerakoan Mikel Arakistain [baxua], Ander Barrenetxea [perkusioa], Maikel Talavera [perkusio latinoa], Aitor Mitxelena [klarinetea], eta Libe Goenaga [pianoa] musikariek lagundu didate. Grabaketa Haritz Harreguyren estudioan egin genuen, eta nahasketak, aldiz, Pello Gorrotxategik egin zituen.
Portadan Pazko uharteko (Txile) moai itxurako eskulturak ageri dira, Euskal Herriko maparen gainean. Zer esanahi du diseinuak?
Portadaren ideia Asisko Urmeneta ilustratzailearena izan zen. Moaiak Pazko uharteko arbasoen irudia dira. Kontzeptu hori Euskal Herrira ekarriz, gure arbasoen irudia erakutsi nahi izan dut; gure arbasoen ahotsa jaso, hain zuzen ere. Irudiak, gainera, aho zabalik daude, kantari bezala. Gure arbasoen mezua gugana iristeko bidea kantua izan da.
30 urte inguru daramatzazu musika sortzen. Nola ikusten duzu euskal musikaren egungo panorama?
Ni neure garaikoa naiz, eta ez dakit oso ondo gazteek nolako musika egiten duten. Nire gurasoen garaitik nire garairako saltoan, euskal kantua pil-pilean zegoen. Gaur egun jendeak sortzen duen musika 'nahasiagoa' ikusten dut. Gainera, euskararekiko eta euskal kontzientziarekiko konpromiso gutxiago dagoela nabaritu dut. Jendeari musika egitea gustatzen zaio, era batekoa edo bestekoa, baina beste hizkuntza batean abesteko joera dago, eskrupulu gabe. Guk gure garaian euskaraz abestea 'ezinbestekoa' zen, militantzia modukoa. Kontzientziari lotuta zegoen eta ez genuen erdaraz abestea planteatzen, nahiz eta horrek jende gehiagorengana iristea ahalbidetu. Kontzientziaren itzaltzea ikusi dut; herrigintzarekiko eta euskal kulturarekiko axolagabekeria. Hala eta guztiz ere, badaude gazteak gure pentsaera berarekin jokatzen dutenak. Baina, oro har, kezka sortzen dit gaiak, eta diskoan argi eta garbi islatzen da: biharko eguneko gazteei zer modutako Euskal Herria uztera goazen planteatzen dut.