Inauteriak iristear daude eta egun horren harira, Getariako Udalak erakusleiho lehiaketa antolatu du aurten ere. Dekorazio hoberena duten saltokiak sarituko ditu udaleko Kultura Sailak. Balorazioa egiterakoan konposizioa, sormena eta originaltasuna baloratuko dituztela iragarri dute antolatzaileek.
Hiru sari emango dira guztira: 120 euroko lehenengo saria, 80 euroko bigarrena eta 50 euroko hirugarrena. Larunbatean, martxoaren 1ean, 10:30etatik aurrera, herriko hainbat elkartetako ordezkariz osatutako epaimahaiak herriko establezimenduak bisitatuko ditu, eta ondoren irabazleak hautatuko dituzte.
Iazko lehiaketan Neves Tattoo dendako erakusleihoa izan zen boto gehien jaso zituena. Maghda belar dendak eta Eskura fisioterapia zentroak osatu zuten podiuma bigarren eta hirugarren tokian, hurrenez hurren.