Ireki dute Gure Txeruk antolatutako eski irteeran izena emateko epea

Julene Sorarrain 2025ko ots. 5a, 10:08

Gure Txeruk eskiatzera egindako irteera bat. (utzitakoa)

Bidaia otsailaren 22tik 23ra arteko asteburuan egingo dute, Frantziako Luz Ardiden eski estaziora. Izena emateko epea hilaren 16ra arte egongo da zabalik.

Gure Txeruk antolatuta, eski irteera egingo dute otsailaren 22tik 23ra arteko asteburuan, Frantziako Luz Ardiden eski estaziora. Gehienez 40 pertsonek hartu dezakete parte ekintzan, eta gutxiengo kopurua ez bada osatzen, irteera bertan behera geratuko da. Gainera, adin txikikoek muga pasatzeko gurasoen baimena ziurtatzen duen agiria aurkeztu beharko dute. Hori horrela, izena emateko epea otsailaren 16ra arte egongo da zabalik, eta horretarako herritarrek 688-86 38 60 zenbakira deitu edota idatzi dezakete. 

Irteera otsailaren 22an, larunbatarekin, egingo dute, goizeko 05:00etan. Bidaiaren prezioari dagokionez, helduek 155 euro ordaindu beharko dute; 5 eta 17 urte bitarteko gazteek, aldiz, 150 euro ordaindu beharko dute; eta, azkenik, 4 urtetik beherakoek, 100 euro. Ordaindutako prezioan sartzen dira, hala nola, bi egunetako forfait-a, pistetako asegurua, larunbateko afaria eta igandeko gosaria, herriko aterpetxean gaua igarotzea eta autobus bidaia. Eskiatzeko materialaren alokairua, aldiz, ez da prezioan sartzen.

Materiala behar duten 18 urtetik gorako helduek, eskiatzeko 15 euro (eguneko) edo snowboard egiteko 18 euro (eguneko) ordaindu dezakete. Adin txikikoek, berriz, adinaren eta altueraren arabera prezio ezberdina ordaindu beharko dute.

Eraman beharreko materiala, eskiatzeko arropaz gain, NAN-a, lo-zakua eta larunbateko eta igandeko bazkariak izango dira.

Bestalde, antolatzaileek jakinarazi dute 18 urte artekoez heldu batek egin beharko duela kargu, eta heldu honek bidaian egon beharko duela. "Izena ematerako orduan argi utzi beharko da nor egingo den adin txikiko pertsona horren arduradun, eta momentu oro pertsona honen zaintzan eta ardurapean egongo da adin txikikoa", azaldu dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide