Inauterietako kartel lehiaketan parte hartzeko epea zabalik da Getarian

Onintza Lete Arrieta 2025eko urtarrilaren 28a

Artxiboko irudian, getariar batzuk mozorrotuta.

Adin guztietako herritarrek aurkeztu ahalko dituzte beren lanak. Otsailaren 17a izango da horretarako azken eguna.

Beste urte batez, Getariako Udalak inauterietako kartel lehiaketa antolatu du adin guztietako herritarrentzat. Lanak aurkezteko epea zabalik dago, eta otsailaren 17a izango da horretarako azken eguna. Udalak zehaztu duenez, egun horretan 19:00etan itxiko dute epea. Lanak udaletxean edo liburutegian aurkeztu beharko dira, eta epe horretatik kanpoko lanik ez dute onartuko.

Gaia Getaria eta inauteriak dira, eta goiburuan derrigor jarri beharko du Getariako inauteriak 2025 testua. Hitz horiek egileak berak idatzi behar ditu, eta idazten ez dakiten ume txikiek hutsik utzi beharko dute hori, edo beren kasara idatzi, baina helduen esku hartzerik gabe.

Partaide bakoitzak gehienez bi lan aurkeztu ahalko ditu A3 neurrian, eta lanak edozein modalitatetan egin ahal izango dira. Dena den, zehaztu dute 16 urtera artekoek eskuz egin beharko dutela karteleko irudia.

Lanak egileen sinadurarik gabe aurkeztu behar dira, eta gutunazal baten barruan zehaztuko ditu egileak izen-abizenak, telefono zenbakia eta adina. Karteleko izenburu edo goiburu bera jarriko zaio gutunazalari.

Epaimahaia Kultura Batzordeak, herriko artistek eta herri eskolako irakasleek osatuko dute.

Sariak

Sariei dagokienez, haurrentzat –2-5 urte, LH1-3, LH4-6– opari bat izango da saria. 12-15 urte artekoetan, berriz, irabazleak 60 euro jasoko ditu. 16 urtetik gorakoen artean, azkenik, irabazleak 150 euro jasoko ditu.

Ohi bezala, kartel irabazleak udalaren esku geldituko dira, eta kartel guztiak ikusgai jarriko dituzte udaletxeko sarrera nagusian otsailaren 24tik martxoaren 4ra.

Erakusketa amaitu eta hurrengo hamabost egunetan nork bere kartela jasotzeko aukera izango du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide