Arrantzaleen sirena berreskuratu dute Getarian

Julene Sorarrain - Onintza Lete Arrieta 2025eko urtarrilaren 28a

Haritz Alberdi, Rosario Ezenarro, Emeterio Urresti eta Josu Ezenarro, arrantzaleen sirenarekin. (Onintza Lete Arrieta)

Otsailetik aurrera jarriko dute martxan sirena, eta arrantza herriko portura iristen denean entzungo da. Egunean behin bakarrik joko dute, 11:00etan, hain zuzen ere.

Dagoeneko hogei urte igaro dira getariarrek arrantzaleen sirena azken aldiz entzun zutenetik. Belaunaldi oso batentzat eguneroko ohitura bilakatu zen zerbait urte batetik bestera desagertu zen hainbat arrazoirengatik. Urteak pasatu ahala, Getariako Udalak, ondare hori berreskuratzeko asmotan, berriro jarriko du martxan otsailetik aurrera Getariako turruna.

Sirena Salbatore Deunaren elizako kanpandorrean ezarrita dago, eta garai batean herritarrei eta erosleei portura antxoa eta bestelako arrainak iritsi zirela jakinarazteko erabiltzen zuten. Bi soinu mota baliatzen zituzten horretarako; batek antxoa iritsi zela adierazten zuen, eta besteak, aldiz, gainontzeko arrantza. Urte haietan izotz fabrikako langileak arduratzen ziren aurreneko sirena jotzeaz. 06:00etan iristen zen lehenengo itsasontzia portura. Gainontzekoak, aldiz, Rosario Ezenarrok jotzen zituen Kofradiatik; 06:30ean eta 07:00etan, zehazki. Hura izan zen Getariako sirena jo zuen azken pertsona.

"1970. urtean hasi nintzen lanean Kofradian. Neguan bisigutan ibiltzen ziren arrantzaleak, eta gero geldialdi bat egoten zen, ez baitzuten ezer harrapatzen. Lehenengo antxoa harrapatzen zutenean, ordea, jendea asko pozten zen eta sirenaren soinua luzatu egiten genuen. Izan ere, herritarrok beti antxoaren zain egoten ginen", azaldu du Ezenarrok.

Hala eta guztiz ere, 06:00etan sirena jotzean, herritar batzuk kexatu egiten zirela ere gehitu du Ezenarrok, baina gehienek "pozik" hartzen zuten berria.

Belaunaldi baten altxorra

Haritz Alberdi Getariako alkateak aditzera eman du udalean "herritarren bizitzaren parte" izan den sirenaren "falta sumatzen" zutela: "Aurtengo denboraldia hasten denean jarriko dugu martxan". Iazko irailean Jon Maiarekin landutako Herri identitatea. Getaria egitasmoan, hainbat eragilek eta herritarrek aitortu zuten Getaria "itsasoko herria" dela, baina "gabezia batzuk" ere badituela. Gabezia horietako bat zen ondare bat galdu egin dela, baita arrantzale familien arteko transmisioa ere.

"Herritarren iritzia entzun ondoren, interesgarria iruditu zitzaigun ondare hori berreskuratzea. Sirena mantentzen genuen, eta kanpandorrean egon da beti. Duela hiru urte kendu egin genuen bertatik, konpontzeko helburuarekin. Bertan egon da geroztik. Datorren otsailean martxan jartzen dugunean, belaunaldi berriek guk bizi genuena biziko dute. Eginkizun sinbolikoa eman nahi izan diogu", esan du alkateak.

Hori horrela, datorren hilean aurtengo denboraldiari hasiera ematen diotenean, goizero joko dute sirena, 11:00 aldera, itsasontziak portura iritsi orduko. Gaur egungo sirenak, ordea, portuan arrantza sartu dela adieraziko du soilik. Izan ere, garai batean larrialdien adierazgarri ere bazen.

Arrantzaleen sirena herriko kanpandorrean. (Getariako Udala)

Funtzio bikoitza

Emeterio Urresti Getariako Kofradiako presidenteak argi gogoratzen ditu urte haiek: "Istripuren bat gertatzen bazen, soinu luze bat egiten genuen sirenaren bidez, eta hainbat aldiz errepikatzen genuen. Agian, lau edo bost aldiz jotzen genuen. Azkenengo larrialdia duela 25 bat urte gertatu zen, eguraldi txarraren ondorioz ontzi bat hondoratu zenean. Zenbait hildako eta zauritu izan ziren". Bestalde, 03:00 aldean, eguraldi txarrarekin, portuan amarratuta zeuden hainbat ontzi askatu egiten ziren. "Herrian asko ginen arrantzaleak, eta bakoitza lasterka bere ontzia amarratzera jaisten zen. Gaur egun, ordea, informazio asko dugu eguraldiaren inguruan, baina garai hartan ezin genuen momentuoro lortu".

Bestalde, Urrestik jakinarazi du Kofradiako kideei "ondo" iruditu zaiela udalak hartu duen erabakia. Gaur egun komunikatzeko "hainbat modu" dituzten arren, sirenak "sinbologia" duela ere gehitu du. "07:00etan ez gara sirena jotzen arituko, horrek ez baitu inolako zentzurik. Baina sinbologia aldetik, zerbait polita da. Gainera, askotan, herriko gazteek ez dakite zer ari garen arrantzatzen. Antxoak eta berdelak harrapatzen hasten garenean eta portura iritsi orduko sirena jotzen dutenean, jendeak jakin dezala Getariako ontziak arrantzatzen ari direla".

Kofradiako presidenteak gogorarazi du garai hartan herritarrak ohituta zeudela sirena entzutera, baina kanpotarrak, aldiz, ez. "Elizako kanpaiekin ere gauza bera gertatzen zen. Lehen egun osoan zehar markatzen zituen orduak, baita herritarrok lotan geundenean ere. Baina pertsona ohitu egiten da soinu horietara. Hemendik aurrera, herriko gazteek eta sirena ezagutu ez dutenek jakin dezatela gure ontziak arrainarekin datozela portura". Hala eta guztiz ere, Urrestik nahiz Alberdik ez dakite oraindik nor arduratuko den sirena berria jotzeaz.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide