Sexu erasoaren harira, adierazpen bateratua kaleratu dute Getariako Udalak eta Mariñak talde feministak

Intza Trula 2025ko urt. 2a, 13:30

Martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Egunean, Getarian egindako elkarretaratzea. (Aritz Mutiozabal)

Ertzaintzak gizon bat atxilotu zuen joan zen ostiralean Getariako etxebizitza batean, emakume baten aurkako sexu erasoa egotzita. Udalak eta talde feministak adierazpen bateratua kaleratu dute, erasoa gaitzesteko.

Ertzaintzak gizon bat atxilotu zuen joan zen ostiralean Getariako etxebizitza batean, emakume baten aurkako sexu erasoa egotzita. Ustezko erasotzailea aske utzi zuten astelehenean, eta Ertzaintza ikertzen ari da kasuarekin lotutako biktima gehiago dauden ala ez. Horren aurrean, adierazpen bateratua kaleratu dute Getariako Udalak eta Mariñak talde feministak.

"Publikoki eta aho batez, edozein indarkeria matxista irmoki salatzen" dutela diote biek ala biek: "Argi eta garbi adierazten dugu ez dugula inondik ere onartuko emakumeen giza-eskubideen aurkako urraketarik. Hori dela eta, Getarian gertatutako sexu-erasoaren salaketaren aurrean, gure gaitzespenik gogorrena adierazi nahi dugu. Biktimari eta bere senide eta inguru hurbilari gure babesa eta elkartasuna adierazi nahi dizkiegu, baita biktimari bere errekuperazio- eta erreparazio-prozesuan laguntzeko behar dituen informazioa eta baliabideak eskura jarri ere".

Indarkeria eta eraso matxistak "egiturazko arazo baten ondorio" direla azpimarratu dute,  "emakume eta gizonen arteko botere-harremanak mantentzeko baliabide indartsua". Ildo beretik, arazoa "kolektiboa" dela eta horri aurre egitea "guztion ardura" dela esan dute. "Getariak ez du emakumeen kontrako erasorik onartzen, ez eta onartuko ere, eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarekin behin betikoz amaitu behar dugu", egin dute azpimarra.

Gainera, "indarkeria matxistak jatorri estrukturala duen heinean", aurre egiteko neurriek eta erantzunek ere "integralak" izan behar dutela iritzi diote. Era berean, lana indarkeriaren prebentzioan egin behar dela diote, "pertsonak askatasunean heziko dituen hezkuntza hezkidetzailea sustatuz eta emakumeen bizitzako alderdi guztietan beren askatasunaren alde lan eginez". Horretarako, esan dute beharrezkoa dela "legeria berrikustea eta ebaluatzea".

Amaitzeko, herritarrak emakumeen eta gizonen berdintasunaren aldeko eta indarkeria matxistaren aurkako konpromisoa publikoki erakustera eta udalerrian antolatu daitezkeen mobilizazioetan parte hartzera animatu dituzte: "Indarkeria matxista desagerrarazteko ezinbestekoa da gizarte osoaren inplikazioa".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide