Egutegiko azken orriari buelta ematear gauden honetan, Salbatore abesbatzak lerro hauek partekatu nahi ditu getariarrekin.
Aurten ere gure jarduna gogoz bete dugu. Herrian eta herriarentzat gure ahotsen bitartez hainbat ekimenetan hartu dugu parte, gustura.
Urterokoak ditugun hitzorduei ez diegu hutsik egin, herriko eta auzoetako jai eta egun bereziak. Santa Zezilia eguna ospatuz, gure nahien betegarri izan zen kontzertua eskaini genuen, Lizartzako Hostatsa abesbatzarekin batera. Pozik egin genien harrera, euren herrira ekainean guk egindako bisita bueltatu zigutenean. Goiz ederra izan zen, Josu Txapartegi organoan eta Iraia Aizpuru biolinarekin lagun izan genituen. Eskerrak eman nahi dizkiegu.
Eta eskerrak ematen hasita, gure bidelagun ditugunei ere bai: Getariako Udala, Arrantzaleen Kofradia, eta Eliza. Baita Viveros San Anton, Nardin Kontserbak eta Irizabal Arrainak ere.
Egun 40 lagun inguruk osatzen dugu abesbatza, Jesus Aldalur dugularik zuzendari. Hauetako batzuk omendu ditugu urtean zehar: Bernardino Larrañaga, Birgilio Azpillaga, eta Koro Iribar. Abesbatzaren ibilbidean euren alea jarri duten lagunak. Eta horrela jarraitu nahi genuke aurrera, jende berria batuz gure taldeari, ahots berriak gure ahotsei. Karmele Martiarena hurbildu zaigu, esaterako, eta biziki eskertzen diogu. Eta gogoratu nahi dugu ateak zabalik ditugula nahi duen edonorentzat.
Getariar guztioi urte berri on!