Antzerki inprobisatuko tailerra, aurki Getarian

Julene Sorarrain 2024ko abenduaren 19a

Egoitz Aizpuru antzerki irakaslea. (utzitakoa)

Tailerra Egoitz Aizpuru antzerki irakasleak eskainiko du. Doako ate irekiak egingo dituzte urtarrilaren 9an, interesdunek "esperientzia propioa eta erreala bizi dezaten". Ikastaroa urtarrilaren 16an hasiko da, eta saioak Gure Txeruren lokalean izango dira.

Egoitz Aizpuru antzerki irakasleak, Gure Txeru elkartearekin elkarlanean, antzerki inprobisatuko ikastaroa eskainiko du, datorren urtean hasita. Ikastaroa helduei zuzenduta dago, eta parte hartzeko ez da aurretiko esperientziarik behar.

"Jarduera honen helburu nagusia istorioak taldean eta momentuan sortzea da, sormena eta elkarlanerako gaitasuna bultzatuz", azaldu du Aizpuruk. Ikastaroan hainbat teknika landuko dituzte, hala nola entzute aktiboa, irudimena askatzea, talde lana eta egoera ezberdinetara moldatzeko gaitasuna. "Saio praktikoen bidez, parte hartzaileek antzerkiaren oinarriak ezagutzeko aukera izango dute, eta komunikazio eta inprobisazio trebetasunak garatuko dituzte", gehitu du irakasleak.

Inprobisazioak esperimentazioan, antzezpenean eta elkarrizketan oinarritutako prozesua eskaintzen du. "Ariketa dibertigarrien bidez", parte hartzaileak egoera ezberdinetan sartuko dira, betiere taldekidearen ideiak aintzat hartuz.

Urtarrilaren 9an, ostegunarekin, doako ate irekiak egingo dituzte Gure Txeruren lokalean, ikastaroaren inguruan informazioa eskuratzeko eta interesa dutenek "esperientzia propio eta erreala bizi dezaten". Ikastaroa urtarrilaren 16an hasiko da, eta saioak ostegunero izango dira, 19:00etatik 21:00etara bitartean, Gure Txeruren lokalean. Informazioa eskuratzeko edo izena emateko, herritarrek txerugetaria@gmail.com helbidera idatzi edota 670-78 92 99 zenbakira dei dezakete.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide