UKUEk kalitatezko enplegua sustatu nahi du herritarren parte-hartzea ardatz hartuta

Julene Sorarrain 2024ko ira. 14a, 14:00

Helburua da herritarrek kontsulta prozesu batean parte hartzea, eskualdea kalitatezko enplegua landu eta sustatzeko leku erakargarri bihurtuko duten baldintzak zehazteko. 

Urola Kostako Mankomunitateak, lan egiteko eskualde erakargarria bultzatzeko konpromisoa hartuta, eskualdean kalitatezko enplegua sustatzeko ekimen berri bat iragarri du. Horren harira, lankidetzan arituko da hainbat erakunderekin datozen hilabeteetan, helburu hori sustatzen duten ekintzak garatzeko.

Jarduera horiek abian jarri aurretik, UKUEk herritarren parte-hartze aktiboa izan nahi du, eskualdeko erakundeetan lan egitea erabakitzeko garrantzitsutzat jotzen dituzten alderdi eta baldintzei buruz dituzten iritziak ezagutzeko. Horretarako, galdetegi bat prestatu dute interesdunek beren ikuspuntuak eta iradokizunak adierazteko.

Mankomunitateak herritarren iritziek prozesuan duten garrantzia azpimarratu du, "funtsezkoak izango baitira" Urola Kosta enplegurako eskualde erakargarriagoa izaten lagunduko duten ekintza eraginkorrak diseinatzeko.

Informazio gehiagorako, enpresa@urolakosta.eu helbidera idatzi daiteke baita 943-89 08 08 zenbakira deitu ere.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide