'Esperantza'-ren esperantzan dator XV. Getariako Ikurrina

Andoni Elduaien 2024ko abuztuaren 23a

Atzo arratsaldean egin zuten aurkezpen ekitaldia Getarian. (Andoni Elduaien)

Estropadaren aurreneko txanda 12:15ean hasiko dute Eusko Label ligan parte hartzen ari diren traineruek. Bihar, larunbata, Ondarroan (Bizkaia) jokatuko dute datorren asteburuko aurreneko jardunaldia, eta han lortutako emaitzen arabera arituko dira lehian igandeko uretan arraun elkarteak. Udalak herritarrei eta zaleei dei egin die 10:30ean herriko plazan marea marroia osatzeko abiatuko duten kalejiran parte hartzera.

Igandean jokatuko dute Eusko Label ligako 18. jardunaldia, Getariako uretan. XV. Getariako Ikurrina-Igez Eraikuntzak Sari Nagusia jokatuko dute han 12:15etik aurrera Eusko Label liga jokatzen ari diren hamabi traineruek. Etxeko taldeak, Getariako Arraun Elkarteak, antolatuta jokatuko dute proba igande eguerdian, eta Esperantza trainerua sailkapenaren erdialdeak ematen dion lasaitasunak bultzatuta uretaratuko da erronkari aurre egitera. 

Xabier Goikoetxea Getariako Arraun Elkarteko presidentearen arabera, etxeko arraunlariak "ahalik eta ondoen" arraun egitera itsasoratuko dira igandean. "Ikusiko dugu bezperan Ondarroan [Bizkaia] jokatutako estropadatik nola iristen garen igandera, baina gure txanda borrokatzera joango gara". Joan den larunbatean eta igandean Zarautzen jokatutako estropadaren balorazio positiboa egin zuen atzo Goikoetxeak; Zarauzkoa "asteburu polita" izan zela nabarmendu zuen hark. Hori horrela izanda, oraingoan "etxean emaitza ona lortzen" saiatuko dira getariarrak, are gehiago datorren asteazkeneko Donostiako uretan jokatuko duten Kontxarako sailkapen estropadari begira. "Asteazkenera beste indar batekin iristeko, asteburu garrantzitsua dugu aurretik", azaldu du presidenteak.

Estropada joan den urteko eremu berdinean jokatuko dutela aurreratu du Goikoetxeak, eta horri lotuta, uste du Getariakoa ez dela "diferentzia handiak ateratzeko eremua". Dena den, eguraldiari erreparatu dio Getariako presidenteak: "Euria iragartzen dute oraingoz iganderako, eta itsasoa ere ez dela izango barea dirudi". Euria zein eguzkia egin, etxeko bandera "berezia" izango da Goikoetxearentzat. "Ea jendea ondo portatzen den bai uretan, bai lurrean, eta ea dena ondo ateratzen zaigun". Esperantza-n dute jarria esperantza.

Herritarrei kalejirarako deia

Herrira begira ere jarri dira arraun elkarteko nahiz udaleko ordezkariak hedabideen aurrean egindako agerraldian. "Jendea herriko bandera noiz jokatuko zain egoten da; herriak beti ematen du guztia bandera jokatzen den egunean, eta pentsatzen dut igandean ere berdina gertatuko dela. Iazkoa ikaragarria izan zen, eta alde horretatik begiratuta, sumatzen dut aurten ere izango dela mugimendua", esan du presidenteak. 

Getariarrak ARC mailan zirenean ere izaten zen festarik Getariako bandera jokatzen zen egunean, baina Esperantza traineruak ACT mailan lehiatzen duenetik ohitura bihurtu da Getariako plazan elkartuta herrian zehar kalejira egitea. Hori horrela, Ekaitz Esteban Getariako Udaleko Kirol zinegotziak dei egin zien herritarrei. "Azken bi urteetan bezala, 10:30ean plazan jarri dugu hitzordua, eta handik marea marroia osatuz, Altxerri pareraino kalejira izango da, arraunlariak aterako diren momentu horretan haiei animoak emateko; txistulariek, trikitilariek eta pandero jotzaileek parte hartuko dute kalejiran, besteak beste", adierazi du zinegotziak. Gainera, arraunlariei babesa adierazteko unea dela azpimarratu du hark. "Batetik, zer sasoitan murgiltzera goazen ikusita, eta bestetik, Zarauzko estropadaren indarra hor dutela, ea herritarren animoekin arraunlariei ilusioa pizten diegun eta Getariako estropada on bat egiteko eta Kontxarako sailkapena poltsikoratzeko gai diren", azaldu du Estebanek.

Emakumeek joan den asteburuan amaitu zuten Euskotren liga; Donostiako Arraun Lagunak arraun elkarteak irabazi du aurtengo txapelketa 126 puntu bilduta eta bigarren sailkatu den Tolosaldea arraun klubari 30 puntuko aldea aterata. Hori horrela, eta iaz bezala, aurten ere emakumeek ez dute estropadarik jokatuko Getariako jardunaldian. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide