XXVI. Marmitako Lehiaketa Salbatore jaietako azken egunean

Ian Ruiz Lizaso 2024ko abu. 10a, 16:06

30 parte hartzaile izan zituen Getarian antolatu zuten marmitako lehiaketak atzo.

Gastronomiak izan zuen lekua atzo Getarian ospatutako Salbatore jaietan. Atzoko egunean, XXVI. Marmitako lehiaketa ospatu zuten. Atuna, patatak, piperra, ura, gatza, olioa... Lehiaketan parte hartu zuten 30 sukaldariek erabaki zuten zer osagai gehiago jarri lapikoan, eta osagai bakoitza zer unetan eta zenbat denboran jarri sutan ahalik eta jaki hobeagoa prestatzeko. Gainera, ia 450 pertsona hurbildu ziren bazkarira.

Epaimahaiaren ordua izan zen jarraian. Hirugarren postuari dagokionez, Mireia Alberdik eta Manolo Arangurenek irabazi zuten Mayflower erretegian 120 euroko opari bonoa. Bigarrengo postua, Imanol Eizagirrek eta Ricardo Martinez de la Hidalgak eskuratu zuten. Honez gain, Txoko jatetxean 180 euroko opari bonoa irabazi zuten. Azkenik, lehen postuan, Nerea Urresit eta Joanan Ruiz izan ziren aurtengo lehiaketako txapeldunak. Elkano jatetxerako 300 euroko opari bonoa irabazi zuten eta herritarren txalo zaparradak ere. 

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide