Salbatore hirugarrena ari dira ospatzen gaur Getarian. Goizean haurrak izan dira protagonista, frontoian egin dituzten jolasekin eta tailerrekin. Eguerdi partean, berriz, kale antzerkia izan da herriko kale eta txokoetan zehar. Pirata zangoluzeek kalejira egin dute udaletxe aurretik abiatuta.
Bitartean, goizeko lehen ordutik txahala erretzen aritu dira udaletxe aurrean. Makina bat lagun inguratu da galdezka ea haragi pintxorik dastatzerik bazegoen, baina ezezkoa izan da erantzuna, 19:00etatik aurrera hasiko dira eta pintxoak ematen.
Haren aurretik, 16:00etan hasita, XV. Goitibehera jaitsiera egingo dute.
Arratsaldeko egitaraua
- 16:00etan, XV. Goitibehera Jaitsiera.
- 18:00etatik 21:00etara, Karpa Morea, indarkeria sexistarik gabeko informazio gunea, Harritarten.
- 19:00etan, Eusko Label txahal haragi pintxoak dastatzeko aukera, frontoian.
- Ordu berean, Dinbi Danba batukada.
- 19:00etan, bertso-poteoa Katrapuna plazatik: Amets Arzallus eta Danel Olano.
- 20:00etan, XV. Goitibehera Jaitsierako sari banaketa.
- 21:00etan, herri afaria, txosnetan, Euskal Parrillaren eskutik.
- 22:00etan, Atzar hadi! musika eta ikus-entzunezko emanaldia. 70eko hamarkadari eta, batez ere, Errobi taldeari omenaldi kontzertua, frontoian.
- Txosnetan, mozorro gaua eta mojito’s night. Gaia: zirkua.
- 23:00etan, kontzertuak, txosnetan: Debrass Band, Arrixku eta Emaionekin erromeria.