Ekainaren erdi aldera hasitako esku pilotako IX. Elkano Sariari gaur eman diote amaiera Getarian. Goizeko 11:00etan, hasitak aurtengo txapelketaren finalak jokatu dituzte plazako frontoian. Eguzkiari aurre egin behar izan diote jokalariek, baita partidak ikustera bertaratu diren familiartekoek eta, oro har, zaletuek.
Benjamin mailako partida izan da jokatzen lehena, eta bertan neurtu dira Zestoako Abantzu elkarteko Meabebasterretxea eta Aranberri, Getariako Gure Txeruko Segurola eta Abantzuko Zabaletaren aurka. Gorriz aritu diren Zestoako pilotariek 16 eta 6 emaitzarekin irabazi dute finala.
Kimu mailako finalean, Azpeitiko Ilunpe elkarteko lau pilotari izan dira lehian: Lizarralde eta Egiguren gorriz, eta Arandia eta Goenaga urdinez. Lehenek 16 eta 3 emaitzarekin irabazi dute finala.
Infantil mailako partidarekin amaitu dira finalak. Gorriz Ilunpeko Urrestilla eta Abantzuko Izagirre, eta urdinez Gure Txeruko Bordagarai eta Ilunpeko Beristain. Partida berdindua izan da seinako berdinketara arte, baina hortik aurrera urdinek nagusitasuna erakutsi dute, eta 18 eta 8 emaitzarekin irabazi dute.
Emakumeak bihar
Salbatore jaien bueltan antolatutako pilota txapelketen barruan, bihar arratsaldez emakumeen txanda izango da. 18:30ean hasita, emakumezkoen VII. Salbatore txapelketaren finalak jokatuko dituzte herriko frontoian.