Aurtengoan arratsaldez egingo dute III. Herri Ginkana

Andrea Zipitria 2024ko uztailaren 18a

II. Getariako Herri Ginkana.

Marea tarteko, abuztuaren 3an, larunbatarekin, arratsaldez izango da aurten proba. Parte hartu nahi dutenek, igandera arte izango dute izena emateko aukera.

Hirugarren urtez jarraian herri ginkana antolatu du Getariako Udalak. Abuztuaren 3an, larunbatarekin, izango da. Bada, aurten, lehen aldiz, arratsaldez egingo dute ginkana, 15:30etik 19:30era bitartean, hain zuzen ere. Antolatzaileek azaldu dute ordutegi aldaketaren arrazoia marea izan dela. Hainbat proba egiteko beharrezkotzat jo baitute marea goran edukitzea.

Probei dagokionean, "askotarikoak" egongo direla azaldu dute, baina probaren helburua "ondo pasatzea" eta "ahalik eta herritar gehienek parte hartzea" dela argi utzi dute. Horregatik herritar oro animatu nahi dute parte hartzera. Aurten ere izango dira "berrikuntzak" tartean, baina momentura arte "sorpresa" izango dira. Haatik, aurreratu dute herriko txoko ezberdinak bilduko dituela probak, eta hasiera, frontoian izango duela. Bukaerako proba, berriz, parrillada izango da. Plazan eskainiko dute, parte hartzen dutenek edukiko dute afariaz gozatzeko aukera.

Izena emateko epea zabaldu dute, uztailaren 20ra arte. Turismo Bulegoan bertan eman daiteke izena, edo kultura@getaria.eus helbidera mezua idatzita. Izen emateak "martxa onean" doazela azaldu du Ekaitz Estebanek, kirol zinegotziak. "Atzo ireki genuen izen ematea, eta dagoeneko 15 talde eskribitu dira". Horregatik, aurreko urteetako arrakastari eustea espero da –180-200 herritarrek hartu izan ohi dute parte 23-25 talde ingurutan banatuta–. 

Ginkanean parte hartzeko zortzi pertsonako taldeak osatu beharko dira –haur eta helduz osatutakoak–, eta izena ematerakoan horien izen-abizenak eta adina zehaztu beharko dira, baita harremanetarako telefono zenbaki bat jarri ere. Dena dela, taldea ezin osatu dabiltzan horiek ere izena emateko eskatu dute, eta ondoren egingo dituzte moldaketak.

 

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide