Amua umetan botatzea onena

Onintza Lete Arrieta eta Urtzi Oteiza 2024ko uzt. 17a, 15:00

Izan Arrantzale proiektua Getarian ari dira lantzen aurreneko aldiz udalaren eta Elkano kofradiaren hitzarmenari esker, helburu argi batekin: belaunaldi berriak arrantzaren mundura gerturatzea. Getariako moilan egin du hitzordua GUKAk Haritz Alberdi alkatearekin, Emeterio Urresti kofradiako presidentearekin eta Izan Arrantzalen dabiltzan haurrekin.

Herri arrantzalea izan da beti Getaria, eta nortasun horri eusteko lanean dabiltza herrian. Erronka handia da; ez da egun batetik bestera lor daitekeen helburua edo helmuga. Bideak asko izan daitezke, ekintzak ere bai, baina gauza bat dute argi: umetatik hasi behar da herritarrak arrantzaren mundura erakartzen eta hura ezagutarazten. Horregatik, aurten aurreneko aldiz, Izan Arrantzale egitasmoa herrira ekarri dute Getariako Udalak eta Elkano kofradiak. Opegi Gipuzkoako Itsasertzeko Arrantza Ekoizleen Erakundearen proiektua da; haurrak modu natural eta dibertigarrian barneratzen dira arrantzaren arloan eskulanak eta kainaberarekin arrantza eginez.

Haritz Alberdi alkateak GUKAri azaldu dio "behar handia" sentitzen zutela arrantzari eta itsasoari begira. Horren aurrean, Izan Arrantzale proiektu egokia iruditu zitzaien, eta udako udalekuak momentu egokia, lanketa herrian egiteko. "Getaria itsasorik eta moilarik gabe ez da ulertzen, baina errealitatea da belaunaldi berriek itsasoarekiko distantzia bat dutela, edo aldatu egin dela itsasoarekiko eta arrantzarekiko zegoen harremana". Bestalde, ordea, «oraindik arrantza mantentzen duen moila» du Getariak baxurako eta hurbileko itsasontziei esker, eta Alberdik uste du hori aprobetxatu egin behar dela. Haren ustez, umeak dira gakoa: "Arrantzak etorkizuna izango badu, belaunaldi berriak arrantzara eta itsasora hurbilduko direlako izango da".

Izan Arrantzalen parte hartzen ari diren haurretako batzuk, ostegunean, Emeterio Urresti kofradiako presidentearekin. (Onintza Lete Arrieta)

Emeterio Urresti Elkano kofradiako presidenteak ere argi du aurreneko pausoa umeekin eman behar dela, "helduak direnean badutelako itsasoko ikasketak egiteko aukera". Izan Arrantzale egitasmoa berria den arren herrian, kofradiak urtero egiten ditu ekintzak haurrekin. "Ontzietara sartu izan ditugu haurrak, baita haiei antxoak garbitzen irakatsi ere, eta hasieran batzuei inpresioa egiten dien arren, gero etxera eraman dituzte jateko; gustura aritzen dira", azaldu du. "Saregileen lana erakutsi diegu, eta erabiltzen ditugun erremintak ere bai; finean, gure eguneroko lana".

Izan Arrantzalen parte hartzen ari diren haurrek ere etxera eramaten dituzte goizean zehar kainaberarekin hartutako arrainak. Moilan aritzen dira taldean, eta hartutako arrainen izenak ikasten dituzte, baita horiek garbitzen ere. Gustukoena zer duten galdetuta, "kainaberarekin arrantzan aritzea" erantzun diote gehienek hedabide honi. "Eskulanak ere bai", esan dute beste batzuek. Urrestirekin arrantzontzi barruan ere ibili dira aurrera eta atzera bazterrak miatzen, eta kubo handietan igerian dabiltzan arrain batzuk kareletik jaurtitzen ere utzi die. Inguruan dabiltzan kaioek berehala harrapatu dituzte.

Azken 30 urteetan "teknologian asko aurreratu" dela azaldu du Urrestik, eta horri esker egungo lan baldintzak askoz hobeak direla: "Badakigu zer eguraldi egingo duen eta arraina non dagoen, etxekoekin komunikatzeko aukera dugu egunero, eta ontzietan hobeak dira elikadura, dutxak eta logelak. Ofizio hau probatzera gonbidatuko nituzke gazteak", dio.

Haritz Alberdi, ostegunean, bere motorean. (Onintza Lete Arrieta)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide