Zero Zabor Uretan egitasmoa Getariara iritsiko da igande honetan

Onintza Lete Arrieta 2024ko uzt. 18a, 08:00

Mater itsasontzia Getariako moilara sartzen.

Igandetik asteazkenera egongo da Mater ontzia portuan, eta urtero bezala, bisita gidatuak eta tailerrak eskainiko dituzte "itsaso osasuntsuaren" inguruan herritarrak kontzientziatzeko. Itsas erraldoien martxa ere egingo dute. Azken egunean, berriz, Getariatik Pasaiara nabigatzeko aukera egongo da.

Zero Zabor Uretan egitasmoa Getariara iritsiko da igande honetan, hilak 21. Mutrikutik (Gipuzkoa) ailegatuko da Mater Ontzi Museo Ekoaktiboa "itsaso osasuntsu baten aldeko itsas zeharkaldian", eta hilaren 24ra arte bertako moilan egongo da. Bisita gidatuak, tailerrak, zinema emanaldiak eta itsas erraldoien martxa egingo dituzte; doako jarduerak izango dira.

Moilan egongo da itsasontzia, eta ekintzak ere han bertan izango dira, edo han izango dute abiapuntua –erraldoien martxak, esaterako–. Azken egunean, berriz, Getariatik Pasaiara (Gipuzkoa) nabigatzeko aukera egongo da Mater ontzian, han jarraituko baitu ingurumenaren aldeko egitasmoak. Irteera hori ordainpekoa izango da.

Jarduerei buruzko informazioa eskuratzeko nahiz ontziko jardueretarako tokia erreserbatzeko info@mater.eus helbidera idatzi daiteke, edo 619 81 42 25 telefono zenbakira deitu.

Honakoa izango da lau egunetarako egitaraua:

Uztailak 21, igandea:

  • 19:00. Itsas erraldoien martxa.

Uztailak 22, astelehena:

  • 11:00-14:00 eta 17:00-20:00. Bisitak Ontzi Museora. Moilan, berriz, ekintzak.

Uztailak 23, asteartea:

  • 11:00-14:00 eta 17:00-20:00. Bisitak Ontzi Museora. Moilan, berriz, ekintzak.
  • 17:00. Sormen birziklatze tailerra.
  • 22:30. Zinema Ontzian, zine emanaldia.

Uztailak 24, asteazkena:

  • 10:00-12:00. Nabigazioa: Getaria-Pasaia. 50 euro balio ditu eta egitasmoa babesteko izango da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide