Igande honetan San Anton Biraren bosgarren edizioa jokatuko da

Andrea Zipitria 2024ko uzt. 16a, 16:00

Pasa den urteko San Anton Bira.

300 parte hartzaile izango ditu igande honetan Getarian jokatuko den V. San Anton Bira itsas zeharkaldiak. 10:00etean hasiko da proba, Gaztetape hondartzatik, eta irlari bira eman beharko diote igerilariek, guztira, 2.600 metroko ibilbidea igerian eginez.

Igande honetan, hilaren 21ean, jokatuko dute V. San Anton Bira itsas zeharkaldia Getarian. Gaztetape hondartzatik abiatuta, izen bereko irlari bira eman beharko diote igerilariek, eta 2.600 metroko ibilbidea egin ondoren, Malkorbe hondartzan amaituko dute proba.

Gaur gaurkoz, itsasoari begira da proba antolatzen duen Getaitri taldea. Izan ere, azken momentuan erabakiko da aurreikusitako ibilbidea egin ala ez itsasoaren arabera –bi kasuetan aldatu behar izan dute ibilbidea: behin, marmokak tarteko eta beste behin, itsasoaren egoera txarra zela eta–. Igerian, behintzat, nahiko marea behean egingo dute, proba 10:00etan hasiko baita eta eguneko lehen marea behea 11:09ean izango baita.

Egunean bertan, proba hasi baino lehen, banatuko dituzte dortsalak. Igandean, 9:00etatik 9:30era jardungo dira horretan Malkorbe hondartzan, Gure Gorriaren eraikin inguruan.

300 parte hartzaile

Ibon Aranguren Getaitri taldeko lehendakariak iragarri duenez, dagoeneko izena emateko aukera amaitu da. Bada, aurten 300 parte hartzaile izango ditu bosgarren San Anton Bira itsas zeharkaldiak. Horietatik 210 gizonezkoak izango dira eta 90 emakumezkoak. Azken urteko parte hartzaileen kopuruarekin alderatuz, "gorantz" egin du pixka bat. Arangurenek iritzi dio proba "polita" dela proba, aste bat beranduago den Getaria-Zarautz itsas zeharkaldia egiteko beroketa gisa.

Parte hartzaile guztiek igeri egiteko silikonazko txapela jasoko dute, eta elastiko bat ere emango diete. Probaren, bukaera, berriz, Getariako hegaluzea parrillan doan jateko aukera eskainiko zaie parte hartzen duten igerilariei.

 

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide