Getariako Salbatore jaiak ate joka dira. Bihar ireki dute marmitako txapelketan izena emateko epea. Abuztuaren 9an, ostiralarekin, izango da XXVI. Marmitako Txapelketa. Gehienez ere 38 bikotek har dezakete parte, eta aste honetan, uztailaren 24ra arte izango da inskripzioa egiteko aukera, udaletxean bertan.
Behin epea pasata, bi egunetara egingo da zozketa izena eman dutenen artean. Orduan lehiaketan parte hartuko dutenek ahalik eta zehatzen baieztatu beharko dute zenbat pertsona izango diren bazkaltzen. Joan den urteko lehiaketako saridunek zuzenean izango dute parte hartzeko aukera lehiaketan, zozketan sartu gabe.
Halaber, taldeak bi sukaldariz osatuta egongo dira, eta bietako batek getariarra izan beharko du.