Cristobal Balentziaga museoak lurringintza abiapuntu duen Lurrina Balenciagaren garaian erakusketa berria ireki berri du. Pasa den ostiralean egin zuten irekiera ekitaldia, eta bertan izan ziren Haritz Alberdi Getariako alkatea, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua eta Igor Uria Cristobal Balentziaga museoko bilduma zuzendaria, bildumaren arduradunekin batera.
Ikusgai jarri duten laginak, 800 pieza ditu. Antolatzaileen hitzetan, "jostunaren haurtzaroa markatu ahal izan zuten usain gozoak hartzen ditu barnean, bai eta hark sortutakoak, hala nola Le Dix ospetsua, 1947koa, edota diseinatzailearen azken urteetako lurrinak".
Halaber, Frantzian eta Espainian aitzindari izan ziren eta industria horren bilakaera markatu zuten etxe espezializatuen papera nabarmentzen da erakusketan, baita XX. mendearen hasieratik perfume-diseinatzaileek egindako ekarpena ere. Hala, ikusgai daude erakusketan, Chanel, Dior, Schiapparelli eta beste jostun batzuen sorkuntzak, Lubin, Guerlain eta Myrurgia, esaterako. Baita ere tokiko zenbait erreferentzia jaso ditu laginak, Donostian ekoitzitako lurrinak, esaterako —Guryys eta Calber—. Tartean dira, bestalde, Balenciaga Etxerako sortutako lurrinak —Le Dix, Quadrille, La Fuite des Heures, Eau de Balenciaga eta Ho Hang—.
Jaso diren gehientsuenak Anne de Thoisy-Dallem eta Juanjo Ruiz Crivilléren bildumetatik atera dituzte, Cristobal Balentziaga Museoko eta Donostiako Benegas lurrin-dendako erreferentziekin batera. Horiez gain, Versaillesko Osmothèque erakundearen lurringai historikoen berredizioak ere jaso dituzte.
Interesa duten herritarrek, lurringintzaren inguruko erakusketa ikusteko aukera izango dute abenduaren 8ra arte.