Maiatzaren hondarrarekin batera iritsiko da Euskal Jaia Getariara. Bihar eta etzi ospatuko dute dantza eta musika nagusi diren festa, eta urteroko egitarauari eutsiko diote: bihar Gure Txeru elkartearen dantza saioak izango dira protagonista, eta etzi, berriz, Larrain dantza, muxikoak, trikitilariak eta irrintzi lehiaketa, besteak beste. Egitaraua ohikoa izan arren, aldaketa bat egin behar izan du udalak ezinbestean, bertan behera gelditu delako Getariako 22. Trikitilari Gazteen Txapelketa, nahikoa bikote apuntatu ez delako.
Dantzei dagokienez, aurrena haurrek eskainiko dute emanaldia; 18:30ean izango da hori, frontoian. Helduena ikusteko, berriz, 22:00ak arte itxaron beharko da. Dantza herri izena jarri diote aurtengo ikuskizunari, eta zuzeneko musikak lagunduko die partaideei: Pepita Enbil musika eskolak, Getariako Musika Bandak eta Gazte Alaiak txistulariek parte hartuko dute, izan ere.
Goizetik gauera
Etzi, berriz, goizean hasiko da festa giroa, 09:00etan abiatuko baitira Gazte Alaiak taldeko txistulariak kalerik kale. Handik ordubetera batuko zaizkie musika eskolako trikitilariak eta pandero jotzaileak eta Enbilen Pepitak panderistak. 11:30ean, berriz, musika eskolako trikitilari haurrak ibiliko dira kalez kale, eta 12:30ean Arrai Zopa taldearekin kantu jira hasiko da. Jan-edanik ez da faltako, frontoian taloak eta garagardo artisaua eskainiko dituztelako.
Festak 18:30ean jarraituko du, Jaiki Hadiren emanaldiarekin; muxikoak eta bestelako dantzak izango dira plazan. Bitartean, irrintzi lehiaketa egingo dute, baita irrintzi onena saritu ere; ondoren, Larrain dantza izango da. Festa Trikiteensen erromeriakin amaituko da, 22:30ean.
Egitaraua
Maiatzak 24, ostirala.
- 18:30ean: haurren dantza emanaldia.
- 22:00etan: Dantza Herri dantza ikuskizuna, Gure Txeru helduen dantza taldearen eskutik. Musikariak: Pepita Enbil Musika Eskola, Getariako Musika Banda eta Gazte Alaiak txistulariak.
Maiatzak 25, larunbata.
- Getariako Euskal Jaia Getaria | Jaiak Frontoian taloak eta garagardo aritsaua eskainiko dituzte.
- Goizean zehar. Diana txistulari, trikitilari eta pandero-joleekin, Sahatsaga Goitik hasita.
- 09:00. Gazte Alaiak taldeko txistulariak abiatuko dira.
- 10:00. Musika Eskolako trikitilariak eta pandero-joleak eta Enbilen Pepitak panderistak izango dira.
- 11:30. Musika Eskolako trikitilari haurrak kalez kale ibiliko dira alde zaharrean eta plazan.
- 12:30etik aurrera. Kantu-jira Arrai Zoparekin.
- 18:30. Jaiki Hadi taldearekin emanaldia. Muxikoak eta beste dantzak, plazan. Bitartean, mikro irekia irrintziak botatzeko. Irrintzi onena sarituko dute.
- Ondoren, Larrain Dantza, plazan.
- 22:30. Erromeria Trikiteens taldearekin, plazan.