Goiatz Lazkano: "Getariako amok biltzen hasteko momentu egokia dela uste dugu"

Onintza Lete Arrieta 2024ko maiatzaren 23a

Goiatz Lazkano. (Onintza Lete Arrieta)

Erditu ondoren ama gisa "hutsune handia" sentitu zuen Goiatz Lazkanok (Getaria, 1992), eta bilera irekia antolatu du herriko  ama guztientzat, "beharrak identifikatu eta solasteko".

Goiatz Lazkano Zubizarreta (Getaria, 1992) herritarrak deialdia egin die Getariako amei, "beharrak identifikatu eta solasteko", eta bilera irekia antolatu du astelehenerako. Hitzordua Alondigan izango da, 17:00etan.

Bilera irekia deitu duzu Getariako ama guztientzat.

Behar pertsonal batetik sortu da, baita kontziente naizelako ere ama denoi eragiten digun zerbait dela. Erditu ondorengo momentua ez zen oso goxoa eta samurra izan niretzat, baina momentuan jakin nuen Telegramen bazela Ama Sareak izeneko talde bat, eta hantxe sartu nintzen. Une hartan dezente lagundu zidan taldeak; konturatzeak zure zalantzak, kezkak eta beldurrak ez direla zureak soilik eta ikusteak gertatzen zaizkizun gauzak ez zaizkizula zuri bakarrik gertatzen; bakardade sentipen hori zerbait normala dela denongan, edo askok behintzat partekatzen genuela. Pixkanaka, ikusi nuen talde horretan ere hasi zirela eskualdeka edo herrika antolatzen, deialdiak egiten eta udalei espazioak eskatzen.

Eta hortik ideia, ezta?

Bai, beti esaten nuen Getarian ere zerbait egin behar zela. Baina aurrena zer behar dauden ikustea da inportanteena, behar horiek identifikatzea. Beraz, ez dakit aurreneko bilera horretatik zer aterako den; guztiz esperimentala da. Ez dakit inor agertuko den, zer ondorio aterako dugun, berriro elkartuko garen...

Hasierako asmoa, ordea, argi duzu: erditu berri diren amengan jarri nahi duzu begirada.

Bai. Umea eskolan hastean denean egoera desberdina dela esaten dute, eta eskolako guraso elkarteak eta guraso eskolak ere badaude. Baina lehendabizikoz ama izan zarenean, hasiera hori momentu potentea da, eta nik behintzat sumatu dut hutsune handi bat. Haurdunaldian zehar oso zainduta zaude, medikuak gainean dituzu, eta erditzen zarenean, umeari pediatrak egiten dio jarraipena, baina ama guztiz alde batera uzten da, noiz eta bizitzak buelta erdi eman dionean, kristoren hormona zopa duenean... Batzuek intentsoago bizitzen dute aldi hori, beste batzuek ez hainbeste, beste batzuek urtebetera sentitzen dute gauza bera... Nire umeak jada hamabost hilabete ditu, eta beste fase batean nago, baina hasieran, nahiz eta inguruan banituen ama zirenak, haien umeek urtebete inguru zuten, eta hori mundu bat zen niretzat. Horregatik, fase berean daudenekin egotea ikusten nuen inportantea: elkartzea, hitz egitea... eta noski, espazio seguru batean eta konfiantza giroan.

Deialdia erditu diren amentzat da, ezta?

Hala egin dut neu ama naizelako eta horrela atera zaidalako, baina elkartzen garenon arabera, agian erabakiko da aitak ere egotea nahi dugula, edo beste gurasoa dena, hau da, ez soilik erditu dena. Tolosan [Gipuzkoa], adibidez, beharrezkoa ikusi dute amak eta umeak egoteko espazioa; Azpeitian, berriz, espazio bat dute amentzat bakarrik; Donostian badago ama eta beste gurasoarentzat espazioa... Nik ez dut ezertara itxita egon nahi: garrantzitsuena da Getarian amak elkartzea eta kolektibo bezala hobetzeko daukagunaz hausnartzea. Gainera, udala berdintasun plana lantzen ari da, eta uste dut momentu egokia dela biltzen hasteko, plan horretan ere kontuan har gaitzaten.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide