Ellie Hoitink eta Jack Crome australiarrak izan dira bizkorrenak Getariako VIII. Triatloian

Maria Maya Manterola 2024ko maiatzaren 18a

Iaz bezala, Iosu Iribar eta Irati Larrañaga izan dira bizkorrenak getariarren artean. Giro ederra sortu da probaren bueltan, triatletak helmugara heltzen ari zirela euri jasa handia bota duen arren.

Eguzkitsu argitu du egunak, baina iragarrita zegoen euria arratsaldearen erdialderako, eta horrexek markatu du Getariako VIII. Sprint Triatloia. 400 triatletak 16:00ak aldera eman diote hasiera probari Malkorbe hondartzan zale asko animoak ematen zituztela, eta ordubete beranduago iritsi dira lehenak helmugara, euri jasa handi baten pean. Tartean, 750 metro igeri, 20 kilometro bizikletaz eta bost kilometro korrika egin dituzte triatletek.

Australiarrak izan dira bizkorrenak: emakumezkoetan Ellie Hoitink helmugaratu da lehena 01:06:27ko denboran, eta gizonezkoetan Jack Crome, ordubetearen azpitik proba osatuta (00:59:25). Bigarren eta hirugarren egin dute emakumezkoen artean Laura Del Pozok (01:07:27) eta Ainhoa Murua (01:09:04) zarauztarrak, eta gizonezkoetan, Mikel Arrasatek (00:59:41) eta Aimar Muruak (01:00:21). 

Ohi bezala, getariar bizkorrenek saria izan dute etxean jokatutako proban, eta iaz egin bezala, Iosu Iribar eta Irati Larrañaga izan dira helmuga zeharkatzen lehenak. Biak ala biak, Getaitri triatloi klubeko kideak.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide