Gaur Getarian izango da Gipuzkoa Bertsotaneko sailkapen faseko saioa

Onintza Lete Arrieta 2024ko maiatzaren 9a

Gipuzkoa Bertsotan lehiaketako irudi bat.

Iturzaeta aretoan egingo dute saioa 19:00etan, eta Oier Aizpurua zarauztarrak parte hartuko du. Beste lehiakideak Txomin Azpiroz, Odei Lopez, Urko Arregi, Jon Altuna eta Ekain Tolaretxipi izango dira. Oraindik eskuragarri daude sarrerak.

Aurrera doa Gipuzkoa Bertsotan txapelketaren sailkapen fasea. Hainbat herritan izan dira saioak, tartean Zestoan eta Orion, eta gaur eskualdeko beste herri batek hartuko du bertso lehiaketa: Getariak. Hitzordua 19:00etan da Iturzaetan, eta oraindik sarrerak erosteko aukera dago. Internetez hemen eros daitezke, eta aretoko leihatila, berriz, saioa baino orduerdi lehenago zabalduko dutela jakinarazi dute; hau da, 18:30ean.

Sei bertsolari parte hartuko dute gaurko sailkapen faseko saioan, eta horietako bat Oier Aizpurua zarauztarra izango da. Beste bostak, berriz, hauek dira: Txomin Azpiroz, Odei Lopez, ,Urko Arregi, Jon Altuna eta Ekain Tolaretxipi.

Gaiak jartzen, berriz, getariar bat ariko da: Uxune Areizaga bertsolaria.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide