'Txillida/Balentziaga. Forma tolesten' erakusketa, dagoeneko ikusgai

Mireia Galarza Bastida 2024ko martxoaren 23a

Osteguneko aurkezpenan parte hartu zuten erakundeetako ordezkariak. (Balentziaga museoa)

Erakusketaren asmoa izan da bi sortzaileen berrogei artelan baino gehiago elkartzea; hain zuzen, Txillidaren 27 lan daude, eta moda diseinatzailearen hamabost. Urtarrilaren 5era arte egongo da zabalik. 

Ikusgai dago dagoeneko Balentziaga museoan Txillida/Balentziaga. Forma tolesten aldi baterako erakusketa. Atzo ireki zuten, eta bertan egongo da hilabete luzez, hurrengo urteko urtarrilaren 5era arte. Erakusketaren asmoa izan da bi sortzaileen berrogei artelan baino gehiago elkartzea; hain zuzen, Txillidaren 27 lan daude, eta moda diseinatzailearen hamabost.

Txillida eskultorearen jaiotzaren mendeurrenaren harira antolatutako erakusketa da azken hau. 1924an jaio zen  bera, Gipuzkoako hiriburuan; Balentziaga, berriz, 1895ean, Getarian. Erakusketako arduradunen hitzetan, baina, biak Gipuzkoan jaiotzeaz gain, "oinarri filosofiko bateratua" ere bazuten, biak izan zirelako "galderaren eta esperimentazioaren seme". "Txillidari egin nahi diogun omenaldi bat da hau, xumea, baina beharrezkoa eta emozioz betea", azaldu zuen osteguneko aurkezpenean Miren Vives Balentziaga museoko zuzendariak. 

Igor Uria Balentziaga Museoko Bildumen zuzendariak komisariatua, eta Txillida Lekuko komisario taldearekin elkarlanean, Balentziagaren artelanen eta beste sortzaile batzuen, beste bilduma batzuen eta beste diziplina batzuen arteko solasa jasotzen duen areto berrian kokatuta dago erakusketa, "bisitarien esperientzia eta Balentziagaren obrari buruzko ezagutza aberasten laguntzeko". 

Balentziaga museoko kideez gain, aurkezpenean izan ziren  Mireia Massague Txillida Lekuko zuzendaria, Mikel Txillida Eduardo Txillida-Pilar Belzunce Fundazioko zuzendaria eta Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua. Azken horrek gehitu zuenez, "molde berekoak izan ziren bi sortzaileen jardunak: oso zintzoak eta zorrotzak izan ziren egin zuten artearekin, eta haien obra, gainera, mundu guztian dago, eta Euskal Herria ere badago haien obretan. Omenaldia egingo diegu, beraz, bi sortzaile handiri".

Erakusketaren bueltan, egitarau oparoa

Datozen hilabeteetan, musika, dantza, haurrentzako ekitaldiak eta beste hartuko dituen programa bat ere izango da, erakusketaren osagarri, eta, bestalde, eskaintza berezia izango dute bai Txillida Leku eta bai Balentziaga museoa bisitatu nahi dituzten herritarrek.

Abuztuaren 10ean NOEUD izeneko dantza emanaldia eskainiko dute museoan, eta urriaren 19rako jardunaldia antolatu dute Carmiña Dovale ikertzailearen eta Igor Uriaren parte hartzearekin, "bi sortzaileen arteko loturak aztertzeko" asmotan. 

Aste Santuko oporraldian zehar, gainera, ordutegia moldatuko du Balentziaga museoak, eta beraz, martxoaren 25etik apirilaren 7ra bitartean, egunero irekiko ditu ateak Getariako musoak 11:00etatik 19:00etara. Horretaz gain, bisita gidatuak egingo dituzte egunero 11:00etan eta 17:00etan gaztelaniaz, 13:00etan euskaraz.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide