Graka kolektiboa sortu dute Getarian, herriko musika giroa bultzatzeko

Juan Luis Romatet 2024ko mar. 21a, 15:59

Haritz 'Toba' Esteban eta Aitor Garmendia, Graka kolektiboko kideak. (Juan Luis Romatet)

Egin ezazu zuk zeuk  filosofia jarraituz, Getariako Gaztetxean kontzertuak antolatzea du helburu nagusia kolektiboak, talde hasiberrienak nahiz biran dauden nazioartekoenak.

Graka izena aipatuta, zikinkeria, festa giroan –tabernetan eta– oinetakoak zorura itsatsita mantentzen dituen materiala dator burura, eta espiritu horrekin izendatu dute Getarian sortu duten musika kolektiboa: Graka. "Barne eztabaida handi baten ondoren erabaki genuen izen hori jartzea. Graka bada lurrean itsatsita geratzen den hori, ondo garbituta ere joaten ez dena", dio Aitor Garmendia getariarrak, musika kolektiboko kideak. Haritz Toba Estebanekin batera elkartu da Hitzarekin sortu duten kolektiboari buruz hitz egiteko.

Aurretik kostaldeko herrian izan zen Noiznahi kolektiboaren lekukoa hartu du Grakak. "Aurreko eta oraingo kolektiboak ia ideia berdinak ditugu; DIY [Do it yourself, egin ezazu zuk zeuk, ingelesezko siglatan] filosofia bera  dugu, eta hari pixka bat segida eman nahi izan diogu, baina gurea izateko asmoarekin", azaldu du Estebanek.

Musikaren inguruko ekintzak martxan jartzea du kolektiboak helburu nagusia, "batez ere kontzertuak antolatzea", bi kideen esanetan. "Pandemiaren ondoren asko murriztu zen kontzertuen kopurua herrian, eta taldearen sorrerarekin pixka bat berpiztu nahi izan dugu hori. Horregatik sortu dugu kolektibo hau punka nahiz hardcorea maite ditugunok", dio Garmendiak.

Adin desberdinetako pertsonek osatzen dute Graka, eta denek musikarekin harreman zuzena dute. "Ez da kasualitatea kolektiboko kide garenok musika taldeetako partaideak izatea. Aurreko kolektiboko jendea etorri da gugana Grakako kide izan nahi duelako, baina baita 20 urteko gazteak ere", nabarmendu du Estebanek. Garmendiak, berriz, kolektiboa ez dagoela mugatuta dio: "Herriko edozein batu daiteke". 

Uda garaian kaleko jaialdiren bat antolatzea ez dute baztertzen, baina jarduera nagusia Getariako Gaztetxean egitea aurreikusten dute. "Gaztetxea martxan jartzea Gazte Asanbladaren esku uzten dugu. Gure lana kontzertuak programatzea izango da, talde hasiberrienak, baina baita biran dauden nazioarteko taldeenak ere", azaldu du Estebanek. Haren ustetan, Gazte Asanblada osatzen duten belaunaldi berriek ez dute kontzertuak antolatzen jarraitzeko asmorik. "Pentsatu genuen zerbait egin behar genuela eta batu beharko ginatekeela kontzertuak antolatzeko. Bestela, hemen ez genuke zarata kontzerturik izango, ez behintzat gure gogoko taldeen saiorik". 
Getariako Gaztetxeak badu izena undergroundeko zirkuituan. "Aurreko kolektiboaren lanari esker da hori. Gu geu harritzen gara ikusita zer luxu dugun talde horiek Getarian ikusten ditugunean. Kolektiboa osatuta, taldeentzako errazagoa da gurekin harremanetan jartzea". 

Datozen kontzertuak

Datozen hilabeteetarako programazioa ontzen aritu dira. Hala, apirilaren 5ean Game Changer eta TBD taldeen kontzertua izango dute, Manuela Iwanzon eta Dishesena apirilaren 22an, Tozcos eta Flasena maiatzaren 2an eta Faced Out eta TBDrena maiatzaren 17an.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide