Aldi batez itxita egon da Balentziaga Museoa otsailean, baina martxoan sartzearekin bat ateak berriz zabaldu zituzten, hainbat berrikuntzarekin, arduradunek azaldu dutenez: "Balentziagaren obraren eta harekin lotutako balioen inguruko ikerkuntza, prestakuntza eta hedapena ardatz duten zenbait erakusketa, gune, baliabide eta jarduera berrirekin zabaldu da museoa". Besteak beste, Balentziaga. Nortasuna izeneko erakusketa estreinatu dute, eta datorren urteko urtarrilaren 19ra arte iraungo du.
Programazio berria bertatik bertara ikusi ahal izan zuten hainbat erakundetako ordezkariek hilaren 1ean egindako aurkezpenean. Museoan egon ziren, izan ere, Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusia, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, eta Haritz Aberdi Getariako alkatea. Museoko arduradunekin egon ziren horiek, Miren Vives museoaren zuzendariarekin eta Igor Uria museoaren bilduma zuzendariarekin.
Balentziaga. Nortasuna izeneko erakusketan 90 pieza jarri dituzte lau aretotan banatuta. "Horietan siluetak, bolumenak, ehunak eta bordatuak ikusten dira, eta, askotan ezkutuan dagoen barne-mundu hori aurkitzen da, ebakiak, teknikak eta goi-mailako joskintzako akaberek posible egiten dutena".
(Argazkiak: Cristobal Balentziaga Museoa)