Gizarte-bazterkeria egoeran edo behar larriak dituzten herritarrei eta familiei diruz laguntzeko lerro berri bat sortu du Getariako Udalak, horien egoera arintzeko, eta eskariak aurkezteko epea ireki dute. 10.000 euroko partida bideratu dute horretarako, eta egoera zaurgarrian bizi diren herritarrek ustekabeko gertakari baten edota baliabide ekonomiko urrien ondorioz izan ditzaketen behar ekonomikoak estali nahi dituzte laguntzarekin: askotariko etxebizitza-gastuak, alokairuak eragindakoak, energiarekin lotutakoak eta gastu soziosanitarioak.
Getariako Udalak 2023 maiatzaren 23ko ohiko osoko bilkuran onartu zuen larrialdi-egoerek eragindako beharrei erantzuteko diru-laguntza berriaren ordenantza, eta orain, eta deialdi hau 2024ko ekitaldiari dagokion ordainketa izango da, hau da, urtarriletik abendura bitartean izango diren gastuei dagokiena.
Getariako Udaletik jakinarazi dute azken hilabeteetan herrian bizi diren getariarren ongizatea hobetzeko hainbat egitasmo jarri dituztela martxan, "herritarrak herrian duintasunez bizitzeko: besteak beste, 65 urtetik gorako herritarrentzako etxe tutelatua, arreta psikosozialerako programa berria, GLL diru laguntzak, eta abian jarri berri den 10.000 euroko ekarpen ekonomikoa".