Lehengo eta gaurko bidaiez gogoetatzen

Maria Maya Manterola eta Gorka Eizagirre 2024ko ots. 16a, 16:00

Getariako Epotx Etxea landetxean izan da astelehenetik gaur arte Oihane Zuberoa idazlea, sormena sustatzeko udalaren egonaldi eskaintzari esker. Lehengo eta gaurko bidaiez gogoetatu du. 

Transhumantzia abiapuntu izanik, arbasoen lekualdatzeko moduetatik bidaiei eta turismo ereduei buruzko gogoeta ontzen dabil azken hilabeteotan Oihane Zuberoa idazle erronkariarra (Nafarroa), eta saiakera batean bilduko ditu bide horretan hausnartutakoak. Prozesu horren zati bat Getarian egiten ari da, udalak sormena sustatzeko eskainitako egonaldi bati esker. Epotx Etxean izan da idazlea bost egunez, eta gaur utziko du herria.

Egonaldiaren berri Euskal Idazleen Elkartearen bitartez jakin zuen Zuberoak: "Haien buletinean izan nuen egonaldiaren berri. Eskolan oporrak nituen, eta nire proposamena bidali nien". Proiektu hura garatzen hasia zen Zuberoa egonaldiaren eskaintza iritsi aurretik, dena den. "Denboratxo bat" badaramala horretan dio: "Duela urtebete pasatxo Hugo Enean [Pasaiako Idazlearen Etxea] izan nintzen, proiektua aurkeztuta".

Bidaiei buruzko entsegu gisa definitu du Zuberoak ontzen ari den proiektua. Gai horri buruz filosofian eta literaturan "asko" ikertu dela dio idazleak, eta hori guztia bere genealogiarekin gurutzatu nahi izan du. Erronkarikoa da Zuberoa, eta abeltzaintzan aritu dira haren senitartekoak urte luzez.

"Nire familiakoak Bardeara joan izan dira transhumantzian abereekin; uztartu nahi izan ditut iraganeko bidaia horiek gaur egungoekin, eta aztertu zer zen lehen bidaiatzea, zer gaur egun... Eta turismoarekin bizitzen ari garenaz gogoetatu", aletu ditu saiakera ardazten duten gaietako batzuk. 

Getarian egoteak berak turismoak kostako herri batean duen eragina lehen eskutik bizitzeko aukera eman dio, gainera: "Getarian entzun dut, eta etxeko jabeek ere esaten didate zer-nolako aldaketa bizitzen ari diren, zer zaila den oreka bilatzea... Baina, aldi berean, guk geuk ere turismoa egiten dugu kanpoan, eta kontraesan horiek arakatu nahian nabil".

Idazten ari denaz gogoeta egiteko aitzakia bakarrik ez, leku bat ere eman dio Zuberoari Getariak. "Lehenik eta behin, espazioa eskaintzen dizute, eta garrantzitsua da, idazteko kalitatezko denbora behar delako. Atsedenik gabe bizi gara, eta denbora dudanean nekatuta nago edo beste mila gauza izaten ditut egiteko", dio. Epotx Etxeak "bake handia" ematen dio sortzeko orduan. Herrian, berriz, "ezagutzen ez duen Getaria bat" ezagutu du idazleak: "Ingelesa baino gehiago, euskara entzun dut, eta hori ez zitzaidan aspaldian gertatzen Getariara etortzen nintzenean". Egunerokotasunetik irteteak "begirada piztu eta erne egotea" eragiten diola azaldu du idazleak, eta egonaldiaren oroitzapen polita eramango duela ere bai.

Saiakeraren erdialdera iristea zen Zuberoaren helburua, eta egin du. Uda baino lehen amaitu nahiko luke guztia, eta gero "beste bide bat" hasiko du: argitaletxeekin kontaktuan jarri, proiektua aurkeztu... Dena den, Getariara liburua aurkezteko itzultzea gustatuko litzaiokeela aitortu du.

Beste bi egonaldi ere bai

Zuberoaz gain, beste bi idazle ere izango dira Getarian: Iñigo Martinez gasteiztarrak eta Olatz Mitxelena oiartzuarrak (Gipuzkoa) egingo dute egonaldi bana Saiazen eta Katu-kalen. 

Martinezek Ezinezkoaren balioa: Bizitzaren hutsuneen inguruan bueltaka lana garatuko du. Garaiaren ideologiaren kontra, ezinezkoaren balio existentziala aldarrikatzen duen saiakera idazten ari da hura. Oiartzungo idazlea, bere aldetik, egunerokotik hurbil dauden egoerez ari da idazten ipuin liburua, fantasia ukitu batekin, "irakurlea normaltasunean arrotz sentiarazteko asmoz". Epeei dagokienez, Martinez martxoaren 10etik 15era izango da Getarian, eta Mitxelena, berriz, martxoaren 17tik 22ra.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide