Getariako Udalak eguzki plakak jarri ditu herriko hiru eraikin publikotan: Sahatsaga kiroldegiaren teilatuan eta Meagako eta Askizuko frontoietan. Horretarako dirua Gipuzkoako Foru Aldundiak eman dio –279.892,36 euro– eta udalak azaldu duenez, plaka horietatik lortzen den energia herritarren artean banatuko du. Eguzki plaken erabileran interesa dutenek TEK Getaria izeneko elkarteko kide izan beharko dute, baina udalak aurreratu duenez, bazkideek ez dute kuotarik ordaindu beharko.
Dena den, elkarte hori bihar, asteazkena, aurkeztuko dute herritarren aurrean, 18:00etan Ulpiano aretoan egingo duten batzar irekian. Informazio gehiago eskuratu nahi duenak, hori bai, getaria@tekgipuzkoa22.eus helbide elektronikora idatzi dezake, edo 946-856 312 telefonora deitu dezake.
Udalak gogorarazi du iaz sortu zela herriko Energia Berriztagarrien Komunitatea, Itsasargi, eta horren helburua dela energia berriztagarrien inguruko hainbat egitasmo aurrera eramatea. Duela hilabete batzuk, hala, argi eta gas fakturen inguruko tailer bat antolatu zuten, eta orain, udalak jarri berri dituen eguzki plakez baliatu ahal izateko etorri dela "beste elkarte bat sortzeko beharra"; irabazi asmorik gabeko TEK Getaria elkartea, hain zuzen.