Urtarrilaren 19an estreinatu zuen Disney Plus plataformak Balenciaga telesaila, Getariako Cristobal Balentziaga moda diseinatzailearen bizitzan oinarritzen den sei ataleko ikus-entzunezkoa. Moriarti Produkzioak ekoiztetxeko Jon Garaño (Donostia, 1974) da zuzendarietako bat.
Nondik sortu zitzaizuen Cristobal Balentziagari buruzko telesaila egiteko ideia?
Lourdes Iglesiasen ideia izan zen. Korean bizi zen garai batean, eta festa batean moda diseinatzaile korear batekin hizketan ari zela, Balentziagaren izena atera zen; dirudienez, emakume hark esan zion diseinatzaile frantsesa zela Balentziaga. Lourdesi, donostiarra izanik, telesaila egitearen ideia bururatu zitzaion. Hori planteatu zigun, eta erabaki genuen plataformetan aurkeztea sei ataleko proiektua; gure harridurarako, Disneyk berehala esan zuen baietz. Lourdes bera ez da telesailean zuzendari aritu, baina ideia harena da, eta gidoietan ere parte hartu du.
Sei ataleko telesaila izanik, norbaitek pentsa dezake proiektu txikia dela, baina atzetik lan handia du, ezta?
Hala da. Sei atal dira, eta guretzat hiru film batera egitea bezala da. Gainera, atal bakoitza garai batean dago kokatuta, eta garai hori aldatzen den neurrian, guztia aldatu behar duzu: dekoratua, jantzitegia... Beraz, atal baterako balio duenak hurrengorako ez du balio, eta horrek lan handia eskatzen du. Horrez gain, telesaila anbizio handikoa dela uste dut, pertsonaia asko dituelako, figurazio asko, jantzitegia, dekoratu ezberdinak, lantalde handia... Horrek guztiak zaildu egiten du lana, eta, egia esan, guretzat lan karga oso handia izan da. Bestalde, guk oso gutxi genekien Balentziagari buruz, eta horregatik, aurreneko lana izan zen dokumentatzea, gero gidoia idatzi ahal izateko oinarria lortzeko. Erronka handia izan zen hori, baita kudeaketa ere; izan ere, egun batean lehen atala grabatu genuen, eta hurrengoan seigarrengoa. Burua oso aktibo eduki behar duzu.
Getariar batek zer aurkituko du telesailean?
Urola Kostako jende dezentek parte hartu du: batetik, Itziar Aizpuru getariarrak egin du Balentziagaren amaren rola, eta bestetik, lantaldean egon dira Javi Agirre Zarauzko bizilaguna [argazki zuzendaria] eta Maialen Sarasua muntatzaile oriotarra, besteak beste. Noski, Getarian filmatzen aritu gara, eta beraz, herria ikusiko dute garai desberdinetan: 1907. urtean, 1940ko hamarkadan eta 1960ko hamarkadan; urte horietan ikusiko dituzte eliza, portua... Hainbat ataletan agertuko da herria, eta badakit getariar batzuk ere agertzen direla figurante lanetan. Azpeitian ere izan ginen, Burdinbidearen Euskal Museoan, trenak filmatzen; bigarren atalean, gainera, Balentziagak bidaia egingo du autoz Donostiatik Getariara, Igeldotik barrena, eta Orio ere agertzen da.

Kepa Iribar kazetari getariarraren laguntza izan omen duzue euskarazko pasarteetan...
Bai, guretzat garrantzitsua zen alderdi hori zaintzea. Itziarrekin erraza genuen, bera getariarra delako. Etxean ariko balitz bezala hitz egiteko esan genion, eta kito. Gainontzeko pertsonaiek ere hizkera bera erabiltzea behar genuen, ordea, eta asko lagundu digu nire lagun Kepak, bai; oso eskertuta gaude. Batez ere oso lagungarria izan zen Alberto San Juanentzat [Cristobal Balentziagaren rola antzeztu du], ez dakielako euskaraz. Baina gainontzeko euskal aktoreentzat ere lagungarria izan zen.
Euskarazko elkarrizketa asko al daude telesailean?
Ez, gehienak gaztelaniaz dira. Frantsesa ere asko entzuten da, historia 1937an Parisko etxea ireki zuenean hasten delako eta 1968an itxi zuenean amaitzen delako. Euskaraz elkarrizketa gutxi daude, baina atal guztietan ageri da euskara.
Aipatu duzun dokumentazio lanean, Balentziaga museoarekin harremanik izan al duzue?
Bisita pribatua eskaini ziguten Miren Vives zuzendariak eta Igor Uria adituak, eta oso lagungarria izan zen guretzat. Dena den, bai haiek eta bai guk oso argi dugu material desberdina dela museoan dagoena eta telesailean erakusten dena. Haien helburua da Balentziagaren legatua erakustea eta aztertzea, eta guretzat, berriz, material hori beharrezkoa da fikzioa sortzeko. Hori argi gelditu behar da, hau da, gurea fikzioa dela, nahiz eta benetan gertatutako gauzetan oinarritzen den: guk gure Cristobal Balentziagaren istorioa kontatu dugu.
Zeuk zer azpimarratuko zenuke Cristobal Balentziagaz?
Argi dago jeinua zela, jeinu batek bakarrik lor dezakeelako halako arrakasta izatea hil arte. Baina niri oso deigarria eta miresgarria iruditzen zaidana da zer koherente zen bere buruarekin. Hau da, iraultzailea izan zen, baina bere barruan garapen bat jarraitzen zuen bere lanak. Bisio bat zeukan besteak iristen ez ziren leku batera iristeko; oso jende gutxik egin dezakeen zerbait da hori. Gaur egun hain ohikoak diren hainbat jantzi edo elementu bere burutik datoz; izugarrizko meritua du horrek.