Getariako Udalak prest du etxe tutelatua, eta otsailean hartuko du aurreneko erabiltzailea

Onintza Lete Arrieta 2024ko urtarrilaren 29a

Ane Loidi zinegotzia eta Haritz Alberdi alkatea, egokitu berri duten etxe tutelatuan. (Getariako Udala)

65 urtetik gorako herritarrentzat da zerbitzu berria, eta etxea egokitzeko lanak amaitu berri dituzte. Guztira 160.000 euroko inbertsioa egin du udalak, baina zati handiena aldundiak emandako diru laguntzarekin finantzatu dela jakinarazi du.

Getariako Udalak prest du etxebizitza tutelatua egoera zaurgarrian dauden 65 urtetik gorako herritarrentzat, hala horien oinarrizko arreta premiak erantzuteko. Herrian aurreneko aldiz egongo da zerbitzu hori martxan, eta azken lanak amaituta, udalak jakinarazi du otsailean hasiko dela bertan bizitzen aurreneko erabiltzailea. Ane Loidi Gizarte Zerbitzuetako zinegotzia pozik agertu da Potzuagako lokalean etxebizitza egokitu delako, eta 65 urtetik gorako "zenbait herritarren beharrei" erantzun ahal izango zaielako. Horrez gain, "etxebizitzaren jabetza guztiz publikoa izatearen garrantzia nabarmendu" du, baita hori udaleko Gizarte Zerbitzuek kudeatzea ere.

Udalbatzak 2023ko udazkenean onartu zuen aho batez bizitokiaren erabilpena arautuko duen ordenantza, eta bertan jasota daude etxebizitza tutelatuaren sarrera irizpideak, erabilera balditzak, eta halakoak.

Getariako Udalak 159.998 euroko inbertsioa egin du, baina jakinarazi du 133.476 euroko diru laguntza lortu duela Gipuzkoako Foru Aldunditik. "Udalarentzat lehentasunezkoa da herritarrek bizitza osoan izan duten erreferentziazko gizarte-sareari eutsi ahal izatea, eta, hain zuzen, behar horri erantzutera dator Potzuagako bizilekua".

Hemen ikus daiteke etxea barrutik.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide