Inauterietako kartel lehiaketan parte hartzeko epea zabalik da Getarian

Onintza Lete Arrieta 2024ko urtarrilaren 22a

Artxiboko irudian, getariar batzuk mozorrotuta.

Adin guztietako herritarrek aurkeztu ahalko dituzte beren lanak. Urtarrilaren 31 izango da horretarako azken eguna.

Beste urte batez, Getariako Udalak inauterietako kartel lehiaketa antolatu du adin guztietako herritarrentzat. Lanak aurkezteko epea zabalik dago, eta urtarrilaren 31 izango da horretarako azken eguna. Udalak zehaztu duenez, egun horretan 19:00etan itxiko dute epea. Lanak udaletxean edo liburutegian aurkeztu beharko dira, eta epe horretatik kanpoko lanik ez dute onartuko.

Gaia Getaria eta inauteriak dira, eta goiburuan derrigor jarri beharko du Getariako inauteriak 2024 testua. Hitz horiek egileak berak idatzi behar ditu, eta idazten ez dakiten ume txikiek hutsik utzi beharko dute hori, edo beren kasara idatzi, baina helduen esku hartzerik gabe.

Partaide bakoitzak gehienez bi lan aurkeztu ahalko ditu A3 neurrian, eta lanak edozein modalitatetan egin ahal izango dira. Dena den, zehaztu dute 16 urtera artekoek eskuz egin beharko dutela karteleko irudia.

Lanak egileen sinadurarik gabe aurkeztu behar dira, eta gutunazal baten barruan zehaztuko ditu egileak izen-abizenak, telefono zenbakia eta adina. Karteleko izenburu edo goiburu bera jarriko zaio gutunazalari.

Sariak

Sariei dagokienez, haurrentzat –2-5 urte, LH1-3, LH4-6– opari bat izango da saria. 12-15 urte artekoetan, berriz, irabazleak 60 euro jasoko ditu. 16 urtetik gorakoen artean, azkenik, irabazleak 150 euro jasoko ditu.

Ohi bezala, kartel irabazleak udalaren esku geldituko dira, eta kartel guztiak ikusgai jarriko dituzte udaletxeko sarrera nagusian otsailaren 6tik 13ra –otsailaren 10eko asteburuan dira inauteriak–.

Erakusketa amaitu eta hurrengo hamabost egunetan nork bere kartela jasotzeko aukera izango du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide