Getariako Udalak bilera irekia egingo du herritarrekin Potzuaga Gaineko eremuaz

Onintza Lete Arrieta 2024ko urtarrilaren 21a

Potzuaga Gaina eremuko plano bat. (Getariako Udala)

Astearte arratsaldean izango da bilera, hilaren 25ean, eta azalpenak ematen udal arkitektoa eta eremu horretako proiektua landu duen arkitektoa ariko dira.

Getariako Udalak iaz jarri zuen martxan Arau Subsidiarioen aldaketa puntuala Potzuaga Gaineko eremurako, "hurrengo urteetako etxebizitza eskariari erantzun egokia" emateko helburuarekin. Hala, lehiaketa publikoa abiatu zuen udalak, eta Santiago Peñalba arkitektoaren lantaldea kontratatu zuen.

Herritarrek Arau Subsidiarioen aldaketan parte hartzeko programa ere onartu zuen udalak iazko azaroan "Lurzoru eta Hirigintzari buruzko Legearen zehaztapenei jarraituz", eta horregatik, aldaketari hasierako onarpena eman aurretik egingo du bilera irekia herritarrekin. Asteartean izango da hitzordua, hilaren 25ean, 18:30ean Ulpiano eraikineko areto nagusian, eta bilera horretan parte hartuko dute bai udal arkitektoak, bai Santiago Peñalba arkitektoak.

Udalak eskuragarri jarri du proiektuaren zirriborro dokumentua, eta hemen dago ikusgai. Dena den, proposamena, labur esanda, honakoa litzateke, dokumentu horrek berak azaltzen duenez: 29.489 metro koadroko eremua antolatzea proposatzen da, nagusiki bizitegitarako den eremu orokor bat, eta bide-sistema orokor eta espazio libreen sistema orokor bana. Sistema horretan 21.000 metro koadroko hirigintza eraikigarritasuna antolatzen da, eta horietatik 300 metro koadro hirugarren sektoreko erabileretara bideratzen dira. Horrek esan nahi du 200 etxebizitza berri antolatu ahal izango direla, batez beste 100 metro koadro ingurukoak, eta horietatik 110 inguru babes sozialekoak, 40 tasatuak eta 50 libreak izango direla.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide