Haritz Alberdi (Getaria, 1977) Getariako alkatea da Udalbiltza Euskal Herriko udal eta hautestsien erakunde nazionaleko lehendakaria joan den irailetik, eta erakunde horrek datorren astean egingo duen batzar orokorraz eta aurrera begirako helburu eta erronkez aritu da Hitzarekin. Hitzordu berezia izango da datorren astekoa, aurten 25 urte beteko dituelako Udalbiltzak.
Hilaren 20an batzar orokorra egingo du Udalbiltzak Bergaran (Gipuzkoa). Berezia izango da, 25 urte beteko dituelako aurten erakundeak.
Hala da. Aurrena Kontseilu Nagusia bilduko da –partzuergoko udalek osatzen dute hori, gaur egun 77 udal daude, Getaria barne–, eta ondoren, batzar orokorra egingo dugu; hori irekia izango da Udalbiltzara atxikita dauden udal hautetsi guztientzat –400-500 hautetsi artean atxikitu dira–. Batzarrean Udalbiltza zertan ari den kontatuko dugu, eta hurrengo hilabete eta urteetan zeri eutsiko dion. Horrekin batera, Udalbitzaren logo berria ere aurkeztuko dugu.
Eta zeri eutsiko dio Udalbiltzak hurrengo hilabete eta urteetan? Zein dira erronkak?
Udalbiltzaren asmoa da udalen zerbitzura jartzea. Egiten dugun hausnarketetako bat da, zorionez, gero eta udal gehiago direla proiektu berritzaileen inguruan lanak aurrera eramaten ari direnak. Hortaz, guk udalei lagundu nahi diegu burujabetzaren alde egiten dituzten saio horietan, eta aholkularitza zerbitzua ematen ere jarraituko dugu. Beste erronketako bat da herrietan egiten den hori, tokikoetakoa, beste maila batera eramatea, nazio mailara.
Adibide zehatzak ematerik bai?
Esaterako, energiaren inguruan, ikusita krisi ekosozialaren bueltan zer dagoen eta zer datorkigun, herri guztietan ari dira sortzen komunitate energetikoak, energia ikuspegitik ere burujabe izateko. Udalbiltzak jada landu du energiaren gaia, energia komunitateak osatzeko gida bat ere sortu du, eta energia komunitate horiek saretzen laguntzea ere ikusten du bere egitekoen artean. Beste eragileekin elkarlanean dihardugu, herrietan dagoen indar hori guztia elkartzeko. Telekomunikazioaren arloan egin dugu hori, esaterako.
Ehkom kooperatiba sortuta, ezta?
Bai. Herri batzuk ari ziren telekomunikazioaren inguruan lanketa egiten, eta Udalbiltzak, beste eragileekin batera, sortu du proiektu nazional bat: Ehkom. Sare librea, publikoa eta irekia da, eta kooperatiba izaera eman zaio proiektuari. Martxan dago, eta zerbitzua eskaintzen ari zaie hala eskatzen duten udalei. Zerbitzua aholkularitza arlokoa izan daiteke, edo izan daiteke herrian sarea jostea, guztiz publikoa, irekia eta neutrala izango dena.
Geuretik Sortuak sortzaileentzako beka egitasmoa ere ideia horrekin sortu du Udalbitzak azken urteetan.
Beste adibide bat da hori, bai. Zirkuitu nazionala da euskaraz lan egiten duten sortzaileek herri zehatz batean eta herri zehatz horren inguruan egiteko sorkuntza lanak, herriko eragileekin harremanetan. Gero, lan horrek ibilbide bat izaten du Euskal Herri osoan zehar. Komikigintza, literatura, antzerkigintza, zinemagintza... Arlo asko hartzen ditu. Sortzeko urtebete izaten dute, eta bigarren urtea hori aurkezteko baliatzen da.
Energia aipatu duzu, kultura ere bai... Elikadura ere estrategikoa izan daiteke, ala?
Udalbiltzak lehendik zehaztuta ditu lan ildo zehatz batzuk, eta elikadura burujabetzarena da horietako bat; datozen lau urteetako gaietako bat hori izango da. Oraintxe babestu dugu ekonomikoki, esaterako, Zestoako Amillubi baserria erosteko martxan den proiektu komunitarioa. Lehentasunezko lan ildoetako bat da, eta Udalbiltzaren batzorde eragilea ere lan ildo horien arabera osatu dugu.
Zein dira lan ildo horiek?
Hezkuntza, elikadura, zaintza, kultura, euskara eta energia.
Dagoeneko esan duzue udal gehiago sartuko direla Udalbiltzan batzar orokorraren ondoren. Urola Kostan Getaria, Aizarnazabal eta Zestoa daude. Eskualdeko besterik egongo al da partaide berrien artean?
Hori batzar orokorraren ondoren jakingo da. Dena den, geure buruari bi lan jarri dizkiogu batzarraren ondorengorako: bat, eragileekin partekatzea Udalbitzaren jarduna; eta, bestea, udalekin harremanak egitea Udabiltzara atxiki daitezen.
Eragileekin elkarlanean ari zaretela diozu. Zer harreman du Udalbiltzak erakunde publikoekin; esaterako, aldundiekin eta Eusko Jaurlaritzarekin?
2024rako kudeaketa planean jasota ditugu erronkak, hori aldundiari aurkezten zaio eta diru laguntzak eskatzen dira; berdin Eusko Jaurlaritzarekin, aipatutako kultur bekaren inguruan, esaterako. Otsailetik aurrera hainbat eragilerekin elkartuko gara, tartean, baita Iparraldeko Elkargoarekin ere.
Egoera politiko zehatz batean sortu zen Udalbiltza duela 25 urte, Lizarra-Garaziko akordioari lotuta. Ilusio askoko garaia izan zen askorentzat. Gauza asko gertatu da ordutik gizartean nahiz politikan. Nola ikusten duzu egoera gaur egun?
Nik, gauza guztiak bezala, positibo ikusten dut. Ilusio puntua zegoen orduan, egoera politiko zehatz bat zen, eta horrek eragin zuen Udabiltza sortzea ia 2.000 hautetsiren babesarekin. Egoera politikoa aldatu egin da, bai bertakoa, bai kanpokoa, eta Udalbiltza ere aldatzen joan da; epaiketak tarteko, aldarazi ere egin dute. 25 urte geroago Udalbiltzak existitzen jarraitzen du, egoeraren inguruko nolabaiteko irakurketa badu, eta horren aurreko planteamendua ere bai. Horregatik diot egoera positiboa dela, ez delako estankatuta gelditu den erakunde bat, baizik eta egoeraren eta beharren arabera egokitzen joan dena.
Hala ere, hasierako printzipioei eusten die Udalbiltzak.
Bai, Udalbiltzaren helburua gure herriaren burujabetza da. Lurralde ikuspegi horretan indarra egiten segitu behar duela uste dugu, nazioa eraikitzen jarraitu behar duela. Kontua da bide hori nola egin. Azken legegintzaldian jada Udalbiltzaren jarduna aldatu zen egin ziren hausnarketen eta hartutako erabakien ondorioz, eta orain egin duguna izan da aldaketa hori partzuergoko kide guztiekin eta hitzarmenak dituzten udal guztiekin –tartean badira Urola Kostako udalak– partekatzea, eta harrera oso ona izan du.
Eta nola egin behar da burujabetzarako bidea?
Udalbiltzaren helburu nagusia gure nazioaren burujabetza da, baina argi dugu egunerokoan eraiki behar dela burujabetza, eta uste dut momentu hauetan Udalbiltzaren erronka nagusienetakoa dela burujabetza material erreal horietan jardutea eta laguntzea.