Getariako Udalak eta herriko eragileek gaur eguerdian aurkeztu du aurtengo sanantonetako egitaraua, eta Sahatsaga kiroldegiko frontoia aukeratu dute horretarako. Hantxe izango da jaietako aurreneko ekitaldia ostiral honetan – eskuz binakako pilota jaialdia– eta aurkezpenaren unean hantxe ibili dira partida estelarreko protagonistak ere, pilotak aukeratzen: Joseba Ezkurdia, Aitor Elordi, Xabier Tolosa eta Beñat Rezusta.
San Anton jaietako egitaraua aurkezteko ere jende andana elkartu da: Haritz Alberdi alkatea eta Ane Loidi eta Ekaitz Esteban zinegotziak udalaren izenean; Argizka Balentziaga Getariako Txakolina Jatorri Izendapenaren izenean; Manu Etxabe Gure Txeru pilota elkartearen izenean; Izar Urresti Gazte Asanbladaren izenean; eta Uxune Areizaga bertso eskolaren izenean.
Sanantonak ostiralean hasiko dira, eta hilaren 21ean, igandearekin, amaitu, era guztietako ekintzez gozatu ondoren. Estebanek eta Urrestik eman dituzte ekitaldiei buruzko xehetasunak. Iazkoaren antzeko egitaraua osatu dute, eta aurten ere, herriko umeek eta gazteek ekintzetan parte hartu ahal izan dezaten ahalegin berezia egin dute, txakolina protagonista izan ohi den jaietan dena ez dadin jan-edanean gelditu.
Haurrentzako ekitaldiei lotuta, Estebanek azpimarratu du Tomaxen Abenturak saioa berezia izango dela aurtengoan, "hainbat urtez gure herrian saio politak eskaini ondoren, erretiroa hartzera doalako; agurreko saioa izango du", esan du. Urrestik, berriz, jakinarazi du dagoeneko 150 lagunek eman dutela izena Gazte Eguneko herri bazkarirako.
Sarrerak salgai
Ostiraleko pilota partidetarako eta igandeko bertso saiorako soilik eskuratu behar dira sarrerak, eta horiek salgai daude Turismo Bulegoan. Pilota partidak ikusteko 20 eta 25 euroko sarrerak jarri dituzte –Internetez ere eros daitezke, Asperen webgunean–, eta bertso saiokoak, 10 euroan daude salgai –museoko leihatilan ere jarriko dituzte salgai egunean bertan–.
Eskuz binakako pilota partida estelarrean Ezkurdia-Tolosa ariko dira Elordi- Rezustaren aurka, eta bigarren partidan, berriz, Exposito-Gaskue De la Fuente-Bikuñaren aurka.
Partiden aurkezpena egin zutenean, Gabonen atarian, Estebanek berak azaldu zuen frontoia margotzen ari zirela, eta kantxa txukun-txukuna egongo zela partidaren egunean. Ez zuen argitu nahi izan zer koloretan ari ziren margotzen hormak, baina gaur misterioa argituta gelditu da: frontoiko horma berdea gris ilunekoa da orain, eta irudia ere aldatu egin dute. Herriko armarria eta Getariako Udala ageri ziren tokian, Getariaren ubera leloa jarri dute, eta herria irudikatzeko, eliza eta San Anton mendiaren marrazki fina.
Dena prest da sanantonetarako: soilik falta da jakitea nor izango den Mahasti Jaun edo Andrea. Egunean bertan jakinaraziko dute hori antolatzaileek.
Egitaraua
Urtarrilak 12, ostirala
- 22:15. Eskuz binakako pilota txapelketa Sahatsaga pilotalekuan. Epel ligan: Elordi-Rezusta Ezkurdia-Tolosaren kontra. B seriean: Exposito-Gaskue De la Fuente-Bikuñaren kontra.
Urtarrilak 13, larunbata, gazte eguna
- 12:00. Txupinazoa frontoian, eta poteo girotua.
- 14:30. Herri bazkaria.
- 18:00. Matraka elektrotxaranga.
- 21:00. Kontzertuak: Skareggekasko etaNikotina. Ondoren, 03:00 arte, DJ Davila eta Javi Hidalgo.
Urtarrilak 14, igandea
- 18:00. Bertso saioa Cristobal Balentziaga Museoan. Bertsolariak: Andoni Egaña, Maddi Ane Txoperena, Julio Soto, Miren Artetxe, Amets Aizpurua eta Onintza Enbeita. Gai jartzailea: Uxune Areizaga.
Urtarrilak 16, asteartea
- 17:00. Txokolate beroa, plazan.
- 18:00. Tomaxen Abenturak: Azken festa. Frontoian.
- Ondoren. Buruhandiak Gazte Alaiak txistulariekin.
Urtarrilak 17, asteazkena, San Anton eguna
- 09:00. Diana Gazte Alaiak txistulariekin.
- 11:00. Meza nagusia.
- 11:00. Zirku tailerrak Zirkun Zirkoren eskutik, kiroldegian.
- 11:00. Txakolin berriaren aurkezpena, Cristobal Balentziaga Museoan.
- Goizean zehar. Talogileak eta bertako ekoizleen azoka.
- 12:30. Txakolina uzta berriaren dastaketa: irekiera pregoia Sesbastian Lizaso eta Andoni Egaña bertsolarien eskutik, eta ondoren, dastatketa.
- 13:30. Lizaso eta Egaña bertsolariak udaletxeko balkoitik.
- 18:00. Herri kirolen erakustaldia, frontoian. Aizkolariak: Malen Barrenetxea, Ane Zapirain, Julen Gabirondo eta Joseba Otaegi. Harri jasotzaileak: Paulo Azpiazu eta Xabat Olaizola. Lizasok eta Egañak girotuko dute saioa bertsoekin.
- 19:30. Andoni Ollokiegi musikaria, frontoian.
- Gauean. DJak Gaztetxean.
Urtarrilak 21, igandea
- 09:30. Diana Getariako Musika Bandarekin.
- 12:30. Getariako Musika Bandaren sanantonetako kontzertua, elizan.