Harrera beroa jaso dute Errege Magoek gaur arratsaldean Getariara egindako bisitan. Hala, indarberrituta banatuko dituzte opariak gaur gauean ekialdeko lurralde urrunetatik egindako bidaia luzearen ondoren. Gainera, oinez iritsi dira Getariara aurtengoan. Euria ari zuenez, zaldiei eta musikariei atseden ematea erabaki dute.
Nolanahi ere, horrek ez ditu Errege Magoak geldiarazi, eta beso zabalik hartu dituzte Berdura plazako aterpean pilatu diren herritarrek. Bertaratuak agurtu ondoren, Meltxorrek, Gasparrek eta Baltasarrek bertso bana eskaini diote Jesus haurtxoari eta opariak ere eman dizkiote. Ondoren, udaletxera jo dute; izan ere, tronu bana atondu dizkiete bertan herriko umeak bana-banan agurtzeko eta gozokiak emateko. Familia askok Errege Magoekin argazkiak ateratzeko ere baliatu dute aukera.