Elkanok eta lehen mundubiraren urteurrenak pil-pilean jarraitzen dute Getarian. Iazko irailaren 6an bete ziren 500 urte Juan Sebastian Elkano Getariako marinelak lehen mundubira egin zuenetik, eta azken urteetan gaiaz lanketa berezia egiten aritu dira hainbat eragile, tartean Getariako Udala bera. Udalak bultzatuta hausnarketa sakona egin dute hainbat urtez, eta laster, urrats berria emateko asmoa azaldu du udalak prentsa ohar bidez: udaletxe aurreko plazan dagoen Elkanoren estatua eraberritzea, herritarrei galdetuta.
Udalak azaldu duenez, parte hartze prozesu "zabala" egingo du urtarriletik martxora herriko norbanako eta eragileekin, "adituek gidatuta". Martxoan, prozesuaren amaieran, herri galdeketa eginda erabakiko dute getariarrek nola eraberrituko duten plazan dagoen irudia.
Aukerak "mugagabeak" direla aitortu arren, udalak berak jarriko ditu mahai gainean zenbait aukera. Horietako bat da "Berdura Plazako muralari jarraipena ematea estetikoki". Hura Carlos Zabala artista usurbildarrak egin zuen orain bi urte udalaren enkarguz, eta udalak uste du "logika" baduela aukera horrek.
Beste aukeretako bat litzateke herriko artisten esku uztea irudiaren eraberritzea, baina aukera horren inguruan zehaztapenik ez dute eman oraingoz.
Prentsa oharrean zehazki esaten ez den arren, ezin da baztertu herritarrek azkenean erabakitzea estatua bere horretan uztea ere.
Udalak jakinarazi du urtarril erdialdean jakinaraziko dituela parte hartzeari buruzko data guztiak, baita prozesuan parte hartzeko zer bide eskainiko dituen ere.
Abenduak 28, 18:00: Urola Kostako Hitzak Inozenteen Egunaren harira kaleratutako albistea da hau.