San Anton festak pilota jaialdiarekin hasi ohi dira, eta fetxa gerturatzen ari dela eta, ostiral eguerdian aurkeztu zituzten aurtengo partidak Getariako frontoian Gure Txeruko Cristobal Etxanizek, Segundo Alkortak eta Maialen Berazadik, eta Haritz Alberdi alkateak eta Ekaitz Esteban Kirol zinegotziak. Beste behin, elkarrekin antolatu dute pilota jaialdia udalak eta Gure Txeruk.
Eskuz binakako pilota partida estelarrean Ezkurdia-Tolosa ariko dira Elordi- Rezustaren aurka, eta bigarren partidan, berriz, Exposito-Gaskue De la Fuente-Bikuñaren aurka.
Partidak urtarrilaren 12an izango dira, 22:15ean hasita, eta aurrena partida estelarra jokatuko dute. Sarrerak dagoeneko salgai daude Turismo Bulegoan nahiz online, Asperen webgunean; 20 euroko eta 25 euroko sarrerak daude eskuragarri.
Estebanek azaldu duenez, frontoia margotzen ari dira egunotan, eta beraz, kantxa txukun-txukuna egongo da partidaren egunean. Hori bai, ez du argitu nahi izan zer koloretan ari diren margotzen hormak.