Denbora gutxian bigarrenez izan da luizia Malkorbeko mendi magalean

Onintza Lete Arrieta 2023ko abenduaren 22a

Gaur eguerdian luizia izandako tokian jarraitzen zuten langileek. (Onintza Lete Arrieta)

Gaur goizean erori da lurra hondartza ondoko aparkalekuetara eta errepidera, baina ibilgailuek ez dute arazorik izan bidean aurrera jarraitzeko. Udalak aurrekontuetan jasota dauka diru partida herriko itsas ertzeko mendi magalak egonkortzeko.

Denbora gutxian bigarrenez izan da luizia Malkorbeko mendi magalean, herrigunera igotzeko dauden eskaileren gunean. Inguruko magalak sarez babestuta daude, baina zati hori ez, eta ondorioz, goizean lurra erori da hondartzaren ondoko aparkalekura, eta baita errepidera ere. Dena den, ibilgailuek ez dute arazorik izan beren bidea egiteko porturantz.

Aurreko aldian toki horretan bertan harri handi bat erori zela azaldu du udalak, baina, zorionez, inork ez zuela minik hartu, eta bertan aparkatutako ibilgailurik ere ez zuela azpian harrapatu.

Horrez gain, gogorarazi du 2024ko udal aurrekontuetan 500.000 euroko partida dagoela jasota mendi magalak egonkortzeko, eta lanetako batzuk gune horretan egingo dituztela. Esku hartu aurretik, eremu bakoitzaren azterketa egingo dute adituek, eta hala, toki batzuetan sarea jarriko dute, eta beste batzuetan, lurrari eusteko landareak sartuko dituzte.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide