Emanaldiz beteta biziko dituzte aurtengo Gabonak getariarrek, bihar hasi eta urtarrilaren 5era arte ohiko hitzorduez gain antzerkiaz, kontzertuez eta bakarrizketez gozatzeko aukera izango baitute herritik mugitu gabe.
Bihar arratsaldean, abenduak 24, Olentzerori eta Mari Domingiri "ongietorri beroa" egingo diete getariarrek. Gabonetako ekitaldien hasiera izango da hori, herriko txikienei zuzendua. Harritarten izango dira Olentzero eta Mari Domingi 18:00etatik aurrera, eta aurrez, hainbat pertsonaiak lagunduko diete Sahatsagako aldapatik behera, herrigunera. Plaza inguruan ibili, eta Elkanoren monumentuan eta Harritarten izango dira azkenik. "Aurten ehun lagun inguruk parte hartuko dute denera ibilbidean", Ekaitz Esteban eta Ane Loidi zinegotziek azaldu dutenez: "Lamia, Mari, Basajaun, Akerbeltz, Tartalo, galtxagorriak, ikazkinak, baserritarrak... ibiliko dira konpartsan, eta, aurten, joaldunak gehitu zaizkie beste guztiei. Hori izango da berrikuntzetako bat", kontatu dute.
Behin Gabon gaua pasatuta, emanaldiz blaituko da herria. Abenduaren 26an, esaterako, familientzako antzezlana taularatuko dute Balentziaga museoan. Arrainak bihotzean du izena, eta aktoreez gain, txotxongiloak ere igoko dira oholtzara. 17:00etan izango da emanaldia, eta hiru euro balioko du sarrerak. Zinegotziak azaldu dute 3 urtetik gorako umeentzat eta horien familientzat dela ikuskizuna.
Hilaren 28an, osteguna, Manex Beristain azpeitiarrak Azken galdera amari liburua aurkeztuko du Berdura Plazan 18:00etan hasita. "Makina bat herritan aurkeztu du, Getarian beste lanketa batzuk eginak ditu Manexek, eta gustura dago hemen ere aurkeztuko duelako liburua", esan du Estebanek. Heriotzaren gaia lantzen duen liburua da, eta aurkezpenean Beristainek bere bizipenak ere kontatuko ditu. Horregatik, udalak herritarrei eskatu die haurrak aurkezpenera joaten badira gurasoak ere han egon daitezela.
Hurrengo egunean, hilaren 29an, musikazaleentzat jarri du hitzordua udalak, Salbatore Deuna elizan gospel kontzertua emango baitu Goiko Gela taldeak. Laukotea da, eta pianoaren laguntzarekin, euskal kanta klasiko batzuk eskainiko dituzte, baita ingelesezko batzuk ere. Sarrerarik eta gonbidapenik ez da beharko saio horretaz gozatzeko. Kontzertua 20:00etan hasiko da.
Emanaldi guztietatik arrakasta gehien izan dezakeen hitzordua, berriz, larunbatean izango da, hilaren 30ean, Iturzaeta aretoan. Bakarrizketa saioa eskainiko du han Jon Plazaola aktoreak. 19:00etan hasiko da Tu-Tum, Platz! emanaldia, eta sarrerak salgai daude, bost euroan, Turismo Bulegoan. "Uste dugu jendeak mugitu egin beharko duela, sarrerak salgai jarri aurretik hasia delako jendea udaletxera deitzen informazio eske eta sarrerez galdezka", azpimarratu dute zinegotziek.
Urte amaiera eta hasiera
Urteko azken egunean, ohi bezala, San Silbestre Lasterketa egingo dute herrian. Hemezortzigarren edizioa izango da, eta azken urteetan bezala, aurrena lasterketa herrikoia egingo dute nahi duten herritar guztiek parte har dezaten festa giroan. Hala, zirkuitua librea izango da, eta bakoitzak ahal edo nahi duen zatia egingo du korrika. Ondoren egingo dute ibilbide luzeagoa, serioagoa, herrigunearen eta moilaren artean. "2019an hasitako bideari jarraituz, irabazlerik ez da egongo, eta kartelean jartzen dugun bezala, txalo egitetik korrika egitera animatzen ditugu herritarrak. Sarien ordez zozketak egingo ditugu parte hartzaile guztien artean, eta esan beharra dago opari mordoa jasotzen ari garela", kontatu du Estebanek.
Urtea hastearekin bat, berriz, haurrentzako parkea jarriko du udalak, eguraldi ona egiten badu frontoian, udaletxe aurrean eta Berdura Plazan, eta txarra egiten badu, Sahatsaga kiroldegian. Urtarrilaren 3an izango da hori, asteazkenean. Ludoteka, txirristak, salto-bolak, pantaila-simulatzaileak... izango dituzte aukeran. 11:30ean zabalduko ditu ateak parkeak, eta 13:30ean itxiko ditu, berriz 16:00etatik 19:00etara zabaltzeko.
Hurrengo egunean, urtarrilaren 4an, ostegunarekin, Errege Magoentzat eskutitzak jasotzen ibiliko da Bizarzuri herrian, eta hilaren 5ean iritsiko da herriko haur guztiek espero duten unea: San Anton mendira begira jarriko dira iluntzean, handik jaitsiko direlako hiru Errege Magoak 18:30ean, plazara arteko bidea egiteko. Ohiko ekitaldia egingo dute han.