Getarian Pala Txapelketa Mistoa zazpigarrenez antolatu du Getariako Gazte Asanbladak, eta abenduaren 23an jokatuko dute, 10:30ean hasita. Beti abenduan egin izan dute txapelketa, baina iaz ezin izan zuten jokatu, eta 2023ko urtarrilera atzeratu zuten seigarren edizioa.
Txapelketan izena emateko azken eguna abenduaren 21a izango da, osteguna, eta bikoteko 10 euro ordaindu beharko da –izena 688 60 68 65 telefonoan eman behar da–. Trukean, partaideek doan izango dituzte garagardoak eta parrillan egingo dituzten jatekoak. Giro hobea sortzeko jarriko dute parrilla martxan txapelketa hastearekin batera, eta ikusleek ere izango dute mokadua egiteko aukera.