Durangoko Azokan Revers liburua aurkeztuko du Uxue Alberdik datorren astean –Alberdiren Kontrako Eztarritik saiakera liburu sarituaren katalanezko bertsioa da–, eta bertso saio berezia egingo dute han Alberdik berak eta Onintza Enbeitak Kataluniako bertsolari batzuekin batera –glosadoreak dira katalanez bertsotan aritzen direnak–.
Durangoko hitzordu horretarako egun batzuz Euskal Herrian egongo direla aprobetxatuta, Getarian Bertsoglosapoteoa antolatu dute, eta hala, bertso poteoa egingo dute abenduaren 7an, osteguna, 19:00etan plazatik abiatuta.
Bertsolari euskaldunak Uxue Alberdi bera eta Libe Goenaga getariarra izango dira; kataluniarrak, berriz, Berta Llos, Alba Herrera, Esther Santos eta Merce Aumatell. Esti Lizaso ariko da gaiak jartzen.