Santa Zezilia Egunaren harira hainbat ekitaldi antolatu dituzte Getarian

Onintza Lete Arrieta 2023ko azaroaren 15a

Artxiboko irudian, Getariako Musika Bandaren kontzertua.

Igande honetan hasiko dira ospakizunak, Gazte Alaiak txistulari taldearen kontzertuarekin. Asteartean, Santa Zezilia Egunaren bezperan, Pepita Enbil Musika Eskolakoek eskainiko dute emanaldia, eta Musika Bandak ere parte hartuko du ospakizunetan, egunean bertan kalejira eginez eta igandean kontzertua eskainiz.

Musikarien Egunarekin bat egingo dute beste urte batez Getarian, eta hala, prest dute egitaraua Santa Zezilia Egunaren harira. Gazte Alaiak txistulari taldekoak izango dira jendaurrera ateratzen aurrenak, igande honetan Salbadore Deuna elizan eskainiko duten kontzertuarekin. 12:30ean izango da hori.

Ondoren musika ikasleen txanda izango da. Asteartean, hilaren 21ean, eskainiko dute emanaldia Pepita Enbil Musika Eskolakoek 18:00etan Iturzaeta aretoan.

Egunean bertan, hilaren 22an, asteazkena, herriko kaleak musikaz blaituko ditu Getariako Musika Bandak kalejira eginez. 19:00etatik aurrera izango da hori.

Eta, azkenik, igande horretan, hilaren 26an, diana egongo da 09:30ean Musika Bandarekin, eta 12:30ean, berriz, Santa Zezilia Eguneko kontzertua eskainiko du Salbadore Deuna elizan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide