Getariako Udalak jakinarazi duenez, hainbat berrikuntza lan egingo dituzte egunotan Lormendi aldapako eskailera mekanikoetan, eta horregatik, egun batzuetan eskailera geldirik egongo da 18:00 arte; ordu horretatik aurrera, herritarrek erabili ahal izango dute. Oraindik zehaztu gabeko bi egunetan, berriz, egun osoan egongo da itxirik eskailera. Lanak gaur bertan hasiko dira, eta hilaren 18an amaitzea aurreikusten dute.
Orona enpresak hainbat fasetan egingo ditu hobekuntza lanak, eta 67.000 euro kostatuko dira (67.464,23 euro, zehazki). Orain, besteak beste, eskubanda berrituko dute.
Lormendi aldapako eskailera mekanikoak ezarri zirenetik urte asko pasa direla azaldu du udalak, eta denbora horretan mantenu lanak egin badira ere, hainbat hobekuntza egin behar zaizkiela orain. Iaz Oronak esku-hartze batzuk egin zituela esan du udalak, eta orain bigarren batzuk egitera doala azaldu du.