Pintura Eguna antolatua zuen gaur eguerdirako Getariako Tonpe Guraso Elkartea eta Lagunak taldeak, eta eguzki gozotan egin dute saioa HH2tik LH6ra arteko haur eta gaztetxoek udaletxe aurreko plazan nahiz Berdura Plazan.
Idoia Neves margolari getariarrak gidatu du saioa, eta Gyotaku izeneko teknika jorratu ahal izan dute parte hartzaileek. Gyotaku Japoniako metodo tradizional artistikoa da, eta jatorrian, inprimaketa natural hori arrantzaleek erabili ohi zuten beren harrapaketa hoberenen erregistroa edukitzeko. Arte-forma bihurtu zen gero.
Hala, gaur momentuan egindako tinta naturalarekin margotu dituzte atun buztanak, txibiak, txirlak, otarrainxkak eta urraburuak, eta ondoren horiek arroz paperean inprimitu dituzte.
Txikienek, berriz, itsasoko animaliez jositako mural handi bat margotu ahal izan dute.
Eskuak zikin-zikin, gozatua hartu dute umeek nahiz gaztetxoek.