Mendekotasun egoeran edo arriskuan dauden adinekoentzat etxe tutelatua izango dute Getarian urtarriletik aurrera. Etxea bera prest dago –Sahatsagan dago eta azken altzariak erosten ari dira jada–, eta astelehenean onartuta gelditu zen zerbitzu berri horren erabilera arautzen duen udal ordenantza. Aho batez onartu zuten EH Bilduko eta EAJko zinegotziek ezohiko bilkuran, eta orain, administrazio kontu batzuk besterik ez dira falta zerbitzua martxan jartzeko, Ane Loidi Gizarte Zerbitzen batzordeburuak Hitzari jakinarazi dionez. Hala, dena ondo bidean, urtarrilean irekiko ditu ateak etxe tutelatuak.
Bi logelako etxebizitza da, eta gehienez hiru pertsona bizi ahalko dira bertan; gela bat bikoitza izango da, bikote bat edo oso gertuko bi pertsona hartzeko, eta beste gela pertsona bakarrarentzat izango da.
Ordenantza ikusgai
Ordenantza hemen dago osorik irakurgai. Ohi bezala, laguntza hori jaso ahal izateko hainbat baldintza bete beharko dituzte eskatzaileek, hala nola, diru sarrerak muga batera artekoak izatea; beren egungo etxeak ez betetzea irisgarritasun baldintzak; menpekotasun fisiko edo psikikoa izatea, etab. "Oso egoera zehatzetarako da etxea, herriak badituelako beste zerbitzu batzuk, esaterako, etxez etxeko laguntza eta", azaldu du Loidik.
Etxe tutelatuan biziko direnek alokairua ordaindu beharko dute beren diru sarreren arabera, baina Loidik esan du gastuari aurre egin ezin dionak laguntzak jasoko dituela.
Etxe tutelatuan gutxieneko zerbitzua ere jasoko dute erabiltzaileek: arduradun batek jarraipena egingo die ikusteko nola dauden, astean bitan etxea garbitzen lagunduko diete, eta urtean behin garbiketa sakona egingo dute etxean. Horrez gain, norbaitek etxez etxeko laguntza beharko balu, pertsona horri jarriko liokete zerbitzu hori ere.
Udalak eginda dauka 70 urtetik gorako getariarren bizi baldintzei buruzko diagnostikoa, eta Gizarte Zerbitzuek ere gertutik jarraitzen dute herritarren egoera. Horregatik, Loidik azaldu du Gizarte Zerbitzuek badakitela nork beharko lukeen honelako laguntza bat.
Dena den, eskaerak ere egin ahalko dira, eta horretarako epea zabaltzen denean udalak herritarrei jakinaraziko die.
Zarautz Jauregiko laugarren faktura ere onartuta
Ezohiko udalbatzarrean beste gai bat ere bozkatu zuten: Zarautz Jauregiko lanei dagokien laugarren faktura onartzea. Aho batez onartu zuten hori ere, 216.149,03 eurokoa.
Hain zuzen, gai hori izan zen ezohiko bilkura deitzeko arrazoia. Eneko Miralles Ogasun zinegotziak azaldu zuen ordainketa hori egiteko dirua Europako funtsetatik datorrela eta, jaso ahal izateko, azarorako kitatuta eta justifikatuta egon behar zuela.