Hasi da umeen bi eguneko festa Getarian

Mireia Galarza Bastida 2023ko urriaren 28a

"Herriaren ardura" hartu zuten sei gaztetxoek atzokoan Haritz Alberdi alkatearen eskutik, eta jarraian, Haitze kalea inauguratu zuen udalbatza berriak. Gaur jarraipena izango du festak. 

Giro berezia nabaritu zen atzokoan Getarian. Izan ere, udaletxe atarian dozenaka haur zeuden zain udal batzar aretora sartzeko prest. Eta barruan, bakoitza bere aulkian eserita, herriaren ardura hartzeko gogoz sei gaztetxoak, Amets Olaskoaga alkate berria buru zutela: Seynabou Camara, Manex Ezenarro, Malen Esteban, Illari Alberdi eta Enara Aranburu.  

Denak korrika eta presaka igo ziren pleno aretora, eta izugarri azkar bete zen goraino gela. Lehen ilaretan eskakizunak egin zituzten umeak zeuden, eta atzean, berriz, herriko beste dozenaka ume. Haritz Alberdi alkateak Olaskoagari "herriaren ardura" eta alkate makila eman ondoren hasi ziren haurrak beraien eskaerak egiten, txandak zintzo-zintzo errespetatuta: herriko parkeetan toboganak, moilan tranpolina, Bista Onan iturria, baserribideetan argiztapen ona...

Hori amaituta, Haitze kalea inauguratzeko momentua iritsi zen. Bertan, Olaskoagak kalearen historia azaldu zuen: "Zilarra saltzen zen garai batean hemen, eta horregatik, Zilar kale ere deitzen zitzaion. Dena den, guk Haitze izena jartzea erabaki dugu". Plaka inauguratuta, berriro itzuli ziren guztiak udaletxera, eta festa ondo baino hobeto hasteko, pregoia eta suziria bota zituzten bertan. Bukatzeko, buruhandiekin gozatu zuten txikienek. 

Festaren jarraipena

Aurten bi eguneko egitaraua antolatu dute Alkate Txiki Egunaren bueltan. Horregatik, 17:30ean hasita, herri kirolak izango dira herrian, eta jarraian, 20:15 bueltan, afaria egingo dute. Antolatzaileek azaldu dutenez, gainera, bakoitzak berea ekarri beharko du etxetik. Festa amaitzeko, DJ Aros izango da musika jartzen, 21:00etatik aurrera. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide