Judoko jardunaldiak egingo dituzte asteburu honetan Getariako kiroldegian

Andrea Zipitria 2023ko urr. 18a, 10:16

Bi judoka elkarri eskua ematen. (Pixabay)

500 judoka gaztetxo baino gehiago elkartuko dira, tartean Getariako eta Zarauzko elkarteetakoak, eta Euskadiko Federazioko entrenamendu puntuagarriak egingo dituzte igandean seniorrek nahiz gaztetxoek.

Asteburu honetan judo jardunaldiak egingo dituzte Getariako Sahatsaga kiroldegian. Larunbat eguerditik hasi eta igande arratsaldera arte Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hainbat klubetako 500 judoka baino gehiago elkartzea espero dute bertan. 

Benjaminak izango dira lehiatzen aurrenak; taldekako lagunarteko lehiaketa jokatuko dute. Txapelketa horretan, etxeko judo jokalariez gain, Zarauzko eta Gipuzkoakko hainbat lekutakoek parte hartuko dute: Hernani, Lasarte-Oria, Oiartzun eta Arrasatekoek. 

Antolatzaileek azaldu dutenez, txapelketaren helburua da judo jokalariak txapelketak ezagutzen hastea era pedagogiko batean. Guztiek elkarrekin beroketa luze bat egingo dute lehendabizi, eta, ondoren, taldeka banatu eta txapelketari ekingo diote: 15:00etan, LH3ko mutilen txanda izango da, eta, ondoren, 17:00etan, LH4ko mutilak eta LH3 eta 4ko neskak elkarrekin ariko dira.
 
Igandean, Euskal Federazioak entrenamendu puntuagarriak egingo ditu, 10:00etatik aurrera. Etxeko judo jokalariak izango dira tartean: infantil kategorian, Suhar Esnal eta Johana Flores, eta senior kategorian, Enaitz Azkue. Arratsaldean, herriko txikienen erakustaldiarekin bukatuko da judo topaketa. 

Egitaraua

Urriak 21, larunbata. Taldekako Benjamin Txapelketa:

  • 15:00. LH3ko mutilak
  • 17:00. LH3ko eta LH4ko neskak eta LH4ko mutilak

Urriak 22, igandea. Euskadiko Federazioko entrenamendu puntuagarria:

  • 10:00-11:30. Junior-seniorrak.
  • 11:30-13:00. Infantil-kadeteak.

Haurren erakustaldia:

  • 15:30. LH1-LH2
  • 16:30. HH4-HH5

 

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide