Berrikuntzekin dator Getariako Mendi Astea

Onintza Lete Arrieta 2023ko urriaren 12a

Iturrarango lorategi botanikoa.

Aurtengoan goiz buelta herritik kanpora egingo dute, Aiako Iturraran parkean, eta mahai ingurua ere antolatu dute. Mendi Film zinema jaialdiko proiekzioekin hasiko da egitasmoa, igande honetan. 

Getariako Udalak Mendi Astea antolatu du beste behin, eta igandean izango da egitarako aurreneko ekintza: Mendi Film zinema jaialdiko film emanaldiak eskainiko dituzte Iturzaeta aretoan, 18:30ean hasita. Lau film egongo dira ikusgai, eta aurkezpena, ohi bezala, Aitor Elduaien kazetari eta Mendi Filmeko arduradunak egingo du.

Hilaren 19an, osteguna, mahai ingurua egingo dute, eta hori da berrikuntzetako bat, Ekaitz Esteban Kirol zinegotziak Hitzari azaldu dioenez: "Lehen mendiarekin edo bidaiaren batekin lotutako proiekturen bat aurkezten zen Mendi Astearen barruan, baina aurten mahai ingurua egitea pentsatu dugu. Orain urte batzuk Azpeitian menditerapia gisa aurkeztu zuten mahai ingurua Mikel Lizarraldek eta Ainhoa Lendinezek, eta horri jarraipena emango diogu, eta Ibon Oregi eta Irati Idiakez gehitu ditugu. Istripu edo lesio larrien aurrean mendiak edo kirolak eskaintzen dituen onurez ariko dira".

Udalak oraindik ez daki Idiakezek etortzerik izango duen, agian kanpoan izango delako, eta kartelean ez dute iragarri bada ez bada, baina herrian baldin bada, mahai inguruan izango dela ziurtatu du Estebanek.

Aurtengo egitarauko berrikuntza nabarmenena, ordea, beste bat da. Izan ere, Getariako plazan hasi eta plazan amaitu ohi zuten goiz buelta herritik kanpora egingo dute aurten. "Laugarren edo bosgarren urtea dugu, eta herrian oso mugatuta gaude. Horregatik, autobusa antolatzea bururatu zaigu eta herritik kanpora egitea txangoa. Mendi taldearekin hitz egin, eta urrutira joan gabe, mendi buelta Iturraranen egitea proposatu genuen", azaldu du zinegotziak.

Doan izango da jarduera hori ere, eta goiz buelta amaitzeko, salda eta txorixoa eskainiko diete partaide guztiei, eta 13:30 alderako herrian izango dira bueltan.

Parte hartzeko aurrez eman beharko da izena urriaren 19a baino lehen Turismo Bulegoan nahiz Gaztelekuan (hango erabiltzaileentzat).

Egitaraua:

Urriak 15, igandea

18:30ean, Iturzaeta aretoan. Doan, gonbidapenarekin (aurrez Turismo Bulegoan edo aretoko sarreran bertan, emanaldiaren aurretik).

  • A Baffin Vacation (sail ofiziala). 12 minutu.
  • Agur Artzai (Euskarazko film onena + Gazte epaimahaiaren saria). 27 minutu.
  • Joy (film labur onena). 22 minutu.
  • Free Rider (sail ofiziala). 33 minutu.

Urriak 19, osteguna

  • 19:00etan: Menditerapia, mendia eta osasuna proiekzioa eta mahai ingurua, Iturzaeta aretoan. Hizlariak: Mikel Lizarralde, Ainhoa Lendinez eta Ibon Oregi.

Urriak 22, igandea

  • 08:30: Autobus geltokitik abiatuta, Aiako Iturraran parketxera joango dira, eta handik Manterolara abiatuko dira eta gero Agorregira joango dira. Bisita gidatua egingo dute, errota martxan jarriko dute, eta Iturrarango parkean hamaiketakoa eskainiko diete parte hartzaile guztiei. 13:30 alderako bueltatuko dira herrira.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide