Aurreneko aldiz parte hartu duzu Kenpo Kaiko Munduko Txapelketan, eta dominarekin itzuli zara. Ondo, ezta?
Esperientzia ona izan da, baina txapelketa hasi eta berehala ezusteko handia hartu nuen, ez nekielako aurrena selekzio barruan lehiatuko ginenik hurrengo faseetara sailkatzeko. Euskal Herritik joan ginen partaide gehien txapelketara, eta hortaz, guretzat zailena lehen fase hori gainditzea zen. Hori alde batera utzita, gainerakoan, oso esperientzia ona izan zen, oso ondo pasatu nuen: sekulako giroa zegoen, musika jarri zuten, eta zaleak ere bagenituen. Esan ziguten hori Japonian ez dela inoiz gertatzen. Gainera, Getarian bertan ere pankarta bat eskegi zuten niri animoak emateko. Keinu polita izan zen.
Japonia aipatu duzu. Izan ere, han egin ohi da Kenpo Kaiko Munduko Txapelketa, ezta?
Bai. Aurreneko aldiz egin da Japoniatik kanpo, Tunisian. Berez iaz tokatzen zen egitea, Japonian, baina COVID-19a dela eta, bertan behera uztea erabaki zuten. Hemendik bi urtera egingo dena, ordea, berriro Japonian izango dela uste dut.
Txapelketak hainbat proba izaten ditu.
Bai. Goizean hasi zen txapelketa. Aurrena, selekzio barruko lehiak egin genituen. Hamarren bat selekzio geunden: euskal selekzioa, Espainiakoa, Frantziakoa, Tunisiakoa, Japoniakoa, Brasilgoa, AEBetakoa, Alemaniakoa, Suitzakoa eta Paraguaikoa. Hala, aurrena katen proba egin genuen, eta selekzio bakoitzetik pertsona bakarra sailkatu zen, baita defentsa pertsonaleko lehian ere. Ez nintzen ez batean, ez bestean, sailkatu; gure selekziotik kirol honetan urte asko daramatzan pertsona bera sailkatu zen bi probetan. Katan berak eskuratu zuen urrezko domina, baita defentsa pertsonalean ere.
Maila ona dago euskal selekzioan, hortaz.
Bai. Taldeka ez genuen irabazi, baina besteetan bai. Taldeka, Espainiak lortu zuen txapela, finala Japoniaren kontra jokatuta.
Kenpo kain Espainiak selekzioa eduki arren, euskal selekzioak ere badu parte hartzeko aukera.
Kenpo Kaiko Munduko Txapelketa ez dute federazioek antolatzen, kenpo kaiko eskolek baizik. Eta Europako egoitza garrantzitsuenetako bat Euskal Herrian dago. Hortaz, badugu ospea, eta horregatik uzten digute euskal selekzioarekin parte hartzen. Niretzat ohorea da nire selekzioarekin lehiatu ahal izatea; horretaz harro nago.
Taldekako borroka ere egin zenuten, ezta?
Bai, eta kasu horretan ere, aurrena gure artean lehiatu ginen. Hiruna kide ginen taldean: aurrena gazteenak jokatu zuen, gero nik, eta gero helduenak. Gazteenak galdu egin zuen bere borroka, nik nirea irabazi egin nuen, eta hirugarrena ere galdu egin genuen. Hortaz, selekzio gisa ez ginen sailkatu.
Banakako lehiak ere egin zenituzten, eta modalitate horretan eskuratu zenuen domina.
Bai. Arratsaldean izan zen lehia hori, bazkalostean. Hamar bat lehiakide izango ginen; lehen borroka irabazi egin nuen, eta bigarrena galdu. Baina bigarrena finalera iritsi zenaren kontra galdu nuen, eta horregatik, hirugarren gelditu nintzen txapelketan.
Esan duzu bi urte barru jokatuko dela hurrengo txapelketa, Japonian. Hara joateko asmorik ba al duzu?
Nahiko nuke, baina dirutza kostatzen da, eta oraingo txapelketara joateko, adibidez, ez dut diru laguntzarik jaso. Beraz, ikusiko dugu.
Iaz Japonian jaso behar zenituen kenpo kaiko gerriko beltza eta diploma.
Bai, baina azkenean Getarian bertan egin genuen ekitaldia, bestela urtebete itxaron behar nuelako, orain Tunisian egin den txapelketara arte.
Beste txapelketarik ba al duzu buruan orain?
Urtean zehar bi txapelketatan parte hartu ohi dut: kluben artekoa da bat; toki askotatik etortzen dira, Frantziatik, Tunisiatik, Espainiatik... Maiatzean izaten da hori normalean. Bestea ekainaren bueltan izaten da, Euskal Autonomia Erkidegokoa.
Orain atseden hartuko duzu, beraz.
Hori da. Tunisian ere aprobetxatu dut horretarako, hala ere. Txapelketa larunbatean izan zen, eta ostegunean eta ostiralean ikastaroak izan genituen. Baina egun batzuk lehenago joan nintzen hara lagun batekin, herrialdea ezagutzeko.